argia.eus
INPRIMATU
Bilbon jazotako azken eraso matxistak salatzeko, elkarretaratzea egingo dute Indautxu plazan
  • “Erasorik ez erantzunik gabe!” goiburupean eta Zirgariak Indautxuko talde feministak deituta, azaroaren 5eko astelehenean egingo da elkarretaratzea, 19:30etan.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 05
Bilbon burututako Feministon Herriaren baitan egindako manifestaldian ateratako pankarta, autodefentsa feminista aldarrikatuz (Argazkia: Ecuador Etxea)

Azken egunotan Doña Casilda Iturrizar parkean eta Abandon emandako erasoak salatuko dituzte. Bi eraso hauez gain, hirugarren bat ere eman da Telleria kalean.

Ostegunean, azaroak 1, 17 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilbon. Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez, urriaren 26ko goizaldean emakume bati eraso egin zion Doña Casilda Iturrizar parkearen inguruetan. Etxera zioan emakumeari atzetik jarraitu zion erasotzaileak, eta ukituak egin. Emakumeak ihes egin eta laguntza eskatzea lortu zuen. Ertzaintzak kasuaren gaineko ikerketa abiatu zuen, eta adingabea identifikatu eta atxilotu.

Azaroaren 1eko goizaldean bertan, bigarren gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Bilboko Telleria kalean, indarkeria matxista eta autoritateari atentatua delituak leporatuta. Lakuako Segurtasun Sailaren arabera, erasoaren berri emanez abisua jaso zuen Ertzaintzak goizaldeko 05:30ak aldera. Polizia agenteak bertaratu egin ziren, eta emakumeari eraso egiten aurkitu zuten 26 urteko gizonezkoa. Erasoa eten asmoz esku-hartzerakoan, ertzainem kontra ere egin zuen gizonezkoak. Agenteek atxilo eraman zuten.

Azaroaren 2ko goizaldean, berriz, sexu erasoa eta lapurreta egin zioten hiru gizonezkok 20 urteko emakume bati. Bilboko Uribitarte kalean jazo zen erasoa, diskoteka baten inguruetan. Erasotua izan zen emakumeak salaketa jarri du, eta adierazi duenez gizonezkoak sexu abusuak egiten hasi zitzaizkion eta ihes egitea lortu zuen, naiz eta ezin izan zuen ekidin zenbait ondasunen lapurreta ekiditea. Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du hiru gizonak identifikatu eta atxilotzeko helburuarekin.