argia.eus
INPRIMATU
1918ko gripe espainiarra
Bilbon euskarazko eskuliburua inprimatu zuten duela mende bat, “izurri-gexoa galazoteko”
  • 1918ko gripe espainiarraren bigarren uholdeak gogor kolpatu zuen hiria eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskuliburua inprimatu zuen, herritarrek hartu beharreko oinarrizko hogei garbitasun neurrirekin. Horietako batzuk oso ezagunak zaizkigu asteotan.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2020ko apirilaren 02a

Bilbo, 1918ko urria. Gripe espainiarra deituak gogor jo zuen hiria. 1918ko gripe hilgarriaren bigarren uholdea zen. Lehen uholdean, urte hartako maiatzean, gaixotasuna I. Mundu Gerrako fronteetan zabaldu zen iparraldean, eta hegoaldean batik bat Madril eta Andaluzian eragin zuen. Euskal Herrian, ez zen apenas nozitu; ziurrenik hainbat kutsatu eta hildako eragingo zituen, baina, gutxi izanda, gripe arruntaren kasutzat joko zituzten.

Lehen kutsatu eta hildako ofizialak bigarren uholdearekin iritsi ziren. Baina Euskal Herrian pandemiaren kopuru zehatzik ez dago. Biztanleen %50-60 kutsatu zela uste da, eta Anton Erkorekak La pandemia de gripe en el País Vasco (1918-1919)  liburuan egindako estimazioaren arabera, 15.399 hildako izan ziren guztira (Euskal Herriko populazioa ez zen 1.300.000 biztanlera iristen).

Ipar Euskal Herritik sartu zen birusa; Erkorekaren estimazioaren arabera gripe espainiarrak 2.129 hildako utzi zituen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Iraila hasieran indartsu zeharkatu zuen muga. Irunen, soilik hilabete horretan, 91 hildako izan ziren. Bizkaian urrian hartu zuen indarra gaixotasunak; guztira ia 5.000 hildako inguru eragingo zituen bertan. Bilbon irailean ere erregistratu zen kasurik, baina urria izan zen hilabete beltzena: 31 egun horietan 675 pertsona hil zituen gripe berriak hirian. Azaroan 320 izan ziren hildakoak eta abenduan, aldiz, 195.

1919an gripe espainiarrak beste agerraldi bat izan zuen, baina ez Bilbon eta Euskal Herri osoan, ez zuen ia eraginik izan, Urdaibai inguruan erregistratutako kasuak salbu. Eta beharbada, eragin txiki horretan izango zuten zerikusirik aurreko udazkenean Bilboko medikuek emandako aholkuek. Bizkaiko Foru Aldundiko inprimategiak Gripe izurri-gexoa galazoteko Bilbao’ko Osalari-Bazkunak aginduten dauzan egin-bearrak izenburuko liburuxkak argitaratu eta banatu zituen euskaraz eta gaztelaniaz. Liburuxka horietan 20 neurri jasotzen ziren. Horietako batzuk oso ezagunak zaizkigu asteotan: “Eskuak sarri garbitu bear dira”,  “lo egiteko gelak edo tokiak, pitian-pitian aizetu”, “al dala ez estulik egin, eta egitekotan zapian” eta “agintariei osasunen aldezko zeregiñetan bizkor ta zoli laguntzea, notiñentzat egiñenik ederrena eta goralgarriena da”.

Pandemietan ez ezik, edozein garaietan baliagarriak diren beste gomendio batzuk ere jasota daude liburuxkan: “Astakeririk egin gabe bizi” eta “egunean beratzi ordu, gitxienez, lo egin”

Baina neurri bitxiak ere jasotzen zituen liburuxkak: “Gustizko ekandu txarra da usin saratatzuak egitea. Usin egin daunak gexoa aldian badauko, beragaz dagozan lagunei irasi leikio”. Doministiku isilek kutsatuko ez balute bezala. Etxe barrua bi egunez behin desinfektatzea gomendatzen zuten medikuek, eta hori gastu handia izango zela uste zutenei lasaitasunerako, “ezta diru andirik eralgi bear”; etxe guztietan zeuden produktuak erabiliz, garbiketa-metodo merke eta erraza proposatzen zuten.

Biktimismoan ez erortzeko eta ez esajeratzeko deia ere egiten zuten: “Gexorik egotea beti izan da errukarria eta gexoak berak, eta bere artekoak, gatxari dan baño aztunagoa ereizten dautse”. Horregatik gomendatzen zuten “bildurrik ez izatea, barriketan, gitxi dana asko dala esaten ibili barik”. Helburua osasun zerbitzua kasu arinekin ez kolapsatzea zen. Pandemietan ez ezik, edozein garaietan baliagarriak diren beste gomendio batzuk ere jasota daude liburuxkan: “Astakeririk egin gabe bizi” eta “egunean beratzi ordu, gitxienez, lo egin”.

Eta, halaxe, neurri horiek guztiak zorrotz beteta, “gripe gexoa, gizadiaren izurri kaltegin geizto ori, galazo egingo dozube”.