argia.eus
INPRIMATU
Bilbon gizon batek Ertzaintzaren partetik jasandako eraso arrazista salatu dute
  • Ekainaren 9an jazo zen erasoa. Gertakaria salatu eta erasoa jasan zuen norbanakoari babesa helarazi diote Baye Fall senegaldarren komunitateak, Mbolo Moye Doole manteroen plataformak eta SOS Arrazakeria Bizkaiak.

ARGIA @argia 2020ko ekainaren 18a
George Floyd-en hilketaren harira Bilbon egindako mobilizazioa. "Arrazakeriak Euskal Herrian ere hil eta baztertu egiten du", irakur daiteke pankartan (Argazkia: Ecuador Etxea)

Ekainaren 9ko asteartez ertzain talde batek gizon arrazializatu bati eraso egin ziola salatu dute SOS Arrazakeria Bizkaiak, Mbolo Moye Doolek eta Baye Fallek. Azaldu dutenez, gertakaria eguerdiko 14:00ak aldera jazo zen, Bilboko Martzana kaian.

Ertzainek gizonari dokumentazioa eskatu zioten, “sarri gertatzen denez” salaketa egin dutenen hitzetan. Gizonak buru gaixotasuna duela jakinarazi dute, eta ertzainen eskakizunaren aurrean garrasika hasi zela azaldu dute. Egoera horretan, lau agente gainera bota zitzaizkion gizonari. Momentua bideo grabaketa bidez dokumentatu dute:

“Argi zegoen mutikoa ez zela inolako mehatxua poliziaren edo inoren aurrean. Beste modu batera tratatu zezaketen, baina indarkeria erabili dute”, dio erasoaren testigu batek salaketa oharrean.

Pertsona arrazializatuen artean, ondoeza psikologikoak pairatzen dituzten horiek halako egoerak pairatzeko are aukera gehiago dituztela azpimarratu dute salatzaileek. Eta hori arrazakeria instituzionalaren ondorio dela adierazi dute, zeina sarri poliziaren bidez egikaritzen den. “Arriskugarritasunaren estigma historikoki lotu egin izan da bai pertsona arrazializatuekin, bai nahasmendu mentala duten pertsonekin”, seinalatu dute.

Salatzaileak argi mintzatu dira: “Pertsona hori identifikatzeko arrazoia edozein izanda ere, kontuan hartu beharko zitekeen haren ahultasun psikikoko egoera”.

Poliziaren jazarpena, oso presente auzoan

Salatutako erasoa ez da gertakari isolatua Bilbo Zaharrean. Ostegune eguerdian jakinarazi dutenez, Martzana kaia ertzainek hartu dute, eta pertsona arrazializatuak atxikitzeari ekin diote.