argia.eus
INPRIMATU
Bilbon asteazkenean gauzatzekoa zen etxegabetzea gelditu du AZET Etxebizitza Sindikatuak
  • Urriaren 19an familia bat etxegabetua izateko arriskuan zegoela jakinarazi zuen duela astebete Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak. Etxegabetze aginduaren data iritsita, ez da kaleratzerik gauzatu. Sindikatuak larunbatean jakinarazi zuen antolakuntzaren eta lan sindikalaren bidez Bilboko Udal Etxebizitzak-ek etxegabetzea bertan behera uztea lortu zutela.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 19a
2021ean Bilboko Udal Etxebizitzak agindutako etxegabetze baten aurrean egindako mobilizazioetako bat (Argazkia: Ecuador Etxea)

Urriaren 10ean sare sozialen bidez jakinarazi zuen Bilboko AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak familia bat etxegabetua izateko arriskuan zegoela. Sindikatuak publiko egindako informazioaren arabera, Bilboko Udal Etxebizitzak urriaren 19rako agindu zuen etxegabetzea, eta San Frantzisko auzoko Gorte kalean bizi den familia bat zen kale gorrian geratzeko arriskuan zegoena.

Azaldutakoaren arabera, familiak hamabi urte daramatza etxebizitza berean bizitzen, eta duela urte batzuk zorpetu egin ziren, ordainketa batzuk ezin ordaintzeagatik. Zorra kitatzeko xedez akordio batera iritsi ziren Udal Etxebizitzakekin, "ordainketa konpromisoa" adostuz. Akordio hori indarrean denetik familiak alokairuaz gain zorraren zati bat ordaindu du hilero, baina halere udaran etxegabetze agindua jaso zuten. Jakinarazpen judizialarekin batera, adierazi zitzaien akordioak ez zuela etxegabetzea geldiarazten, zorrari zegokiolako eta ez etxegabetzeari.

"Beste behin ere aurrean izango gaituzue, elkarrekin eta antolatuta". Adierazpen horrekin, etxegabetzea geratzeko asmoa agertu zuen AZET sindikatuak. Urriaren 15ean jakinarazi zuten etxegabetzea bertan behera geratzea lortu zutela: "Lan sindikalari esker Udal Etxebizitzak etxegabetze eskaera erretiratzea lortu dugu. Carmen eta familia auzoan geratuko dira! Antolakuntza da bizirauteko dugun berme bakarra".