argia.eus
INPRIMATU
Bilbon Ertzaintzaren eraso arrazista jasan zuen familiari elkartasuna adierazi diote
  • Martxoaren 29an Ertzaintzaren patruila batek eraso egin zion Bilboko San Frantzisko auzoko gazte bati eta haren amari. Konfinamendu betean sartuta zegoen Euskal Herria une horretan eta egun argiz kalean egindako eraso polizialaren irudiak asko zabaldu ziren sare sozialetan. Astearte honetan elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien aurrean erasoa jasan duen familiari elkartasuna adierazteko, “Nazkatuta gaude arrazakeria polizialaz. Inpunitaterik ez!” dioen pankartarekin.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 08a
Bilbon arrazakeria polizialaren aurka egindako elkarretaratzea (argazkia: Ecuador Etxea).

Pertsona migranteek jasaten duten kriminalizazio sistematikoa salatu dute elkarretaratze horren bidez. “Fátima eta Salmanekin gaude gaur hemen, esateko ez daudela bakarrik, beraien mina gurea ere badela, martxoaren 29an gertatu zena ez dela ahaztuko, ezta inpunitatearen zulo ilunean eroriko ere”, adierazi dute komunikatu batean, Naizek jaso duenez.

Erasoa gertatu zenean familia babestu zuten herritarrei eskerrak eman dizkiote –Ertzaintzak haietako hiru inputatu ditu, “autoritatearen aurkako atentatua” eta “laidoak” leporatuta; beste hainbat bizilaguni ere isunak jarri zizkioten “irainak” leporatuta–.

Bilbon egindako kontzentrazioan besteak beste salatu dituzte poliziak pertsona arrazializatuei etengabe egiten dizkieten identifikazioak, miaketak eta erasoak. “Egunero urratzen dituzte giza eskubideak eta berme legalak”, azaldu dutenez.