argia.eus
INPRIMATU
Bilbon bost gizon homosexual erailtzeagatik akusatutako gizona epaituko dute berriro iruzur delitu batengatik
  • 2022ean auziperatu zuten Nelson David Moreno, Bilbon gutxienez bost gizon homosexual hiltzea eta beste bi erailtzen saiatzea egotzita. Astelehenean, urriaren 21ean, Morenoren aurkako bigarren epaiketa hasi dute. Iruzur delitu batengatik epaituko dute, biktimei lapurreta egitea egotzita. Gehitu elkarteak erailketengatiko epaia argitzea eskatu du.

Leire Ibar 2024ko urriaren 21
Iruzurragatiko epaiak biktimen birbiktimizazioa hauspotuko duela salatu du Gehituk. EFE

EITBk informatu duenaren arabera, Bilbon 2021ean hilotz aurkitu zuten gizonetako bati 8.000 euro lapurtzeagatik akusatu dute ustezko hiltzailea. Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorra eskatu du gizonarentzat. Akusazio partikularrak, biktimaren familiak, ordea 9 urte eta 11 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du indarkeriaz egindako lapurreta, iruzur delitu jarraitua, eta iruzur informatikoaren delituengatik. Horri sexu-orientazioagatiko diskriminazioa gehitu dio familiak.

Duela bi urte EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hamar urteko espetxe zigorra ezarri zion auzipetuari, baina, kasua behin-behinean artxibatu zuten. Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak helegitea aurkeztu zuen kasua berriro ireki zezatela eskatzeko. Hilketari buruzko ikerketa eraginkorrik ez zela egin argudiatu zuen. 

Horrez gain, Gehituk, Euskal LGBTI Behatokiak eta akusazio partikularrak iruzurragatiko epaiketa bertan behera uztea eskatu dute, epaiketa berri honek biktimen sufrimenduan sakontzea ekarriko duela azaldu dute. Bestetik, Auzitegi Konstituzionalak hilketen kasua berriro irekitzeko eskatu du eta erabaki bat hartu arte bestelako epaiketarik ez egitea exijitu dute, zuzeneko eta zeharkako biktimek “errespetua merezi dutela” adierazita.