argia.eus
INPRIMATU
Bilbon 30km/h-ko abiaduran zirkulatzen dute jada autoek
  • Garraio pribatuaren erabilera murriztea eta istripuen larritasuna arintzea du helburu neurri berriak.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 23a
Argazkia: Wikimedia Commons

Bilbo osoan abiadura orduko 30 kilometrora murrizten duen Mugikortasun Eremuaren neurri berria indarrean da jada. Biztanleen artean tirabira sortu du erabakiak, baita posizionamendu aunitz ere. Deiaren arabera, herritarrek “begi onez” ikusten dute muga hori orohar. “Hiriburuko giroa hobetuko duela” eta “bide nagusietatik autoak aterako dituela” iritzi omen du gehiengoak.

Lanera doazen gidariak, taxilariak eta hirian barrena ibili behar duten bestelako zerbitzuetakoak, berriz, aurka azaldu dira.

Bilboko Udala ziur dago lehen egunak igaro ondoren neurria eraginkorra izango dela. "Hildako bakar bat saihestea lortzen badugu, merezi du", adierazi du Alfonso Gil Mugikortasun zinegotziak.

Arriskuaren murrizketa

Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin batera, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) istripuei eta abiadurari buruz 2011n egindako azterlan batekin justifikatu dute erabakia. Txosten horretan adierazten denez, harrapatze baten ondorioz hiltzeko arriskua gutxienez bost aldiz murrizten da, baldin eta talka egiten duen ibilgailuaren abiadura 30 km/h-koa bada, 50 km/h-koa izan beharrean.

Esperimentuaren emaitzak

Era berean, %3 murrizten du larri zauritzeko arriskua, eta %4 hildakodun istripu bat izatekoa. Hori ez ezik, kutsadura akustikoak ere behera egiten du (%33tik %6ra igaroko litzateke). Nitrogeno dioxidoaren maila ere murriztu egingo litzateke (Berlinen, adibidez, % 10-15 inguru); auto-ilara gutxiago dago, zirkulazioa arinagoa da, autoen eta beste erabiltzaile mota batzuen zirkulazio-abiadura antzekoa baita. Madrilera joanda, trafikoko heriotzen ia erdiak harrapatutako oinezkoak dira, adibide bat jartzearren.