Larunbatean manifestazioa antolatu du Bizkaiko zezenketen kontrako kolektibo animalistak, Bilboko Aste Nagusian Chopera enpresak udalaren kontzesioz bederatzi egunez jarraian Vista Alegre zezen-plazan antolatu dituen animalien hilketak salatzeko.
Manifestazioa Amezola plazatik irtengo da eta horren aurretik, arratsaldeko 17:00etan, bilkura egingo dute zezen-plazaren aurrean. Kolektiboak nabarmendu du zezen-plazako gestio pribatuaren esleipena aurten amaituko dela eta momentu giltzarria dela Bilbo “zezenketen kontrako hiri” izendatzeko.
Azaldu dutenez, zezenketak ez dira ekonomikoki bideragarri hirian, 2016tik hona 50.000 eurotan gutxitu ditu bere sarrerak Choperak eta azken hiru urteetan 500.000 euroko laguntza publikoa behar izan du. “Herritarrak gehiengoz ari dira eskatzen gizarte justu eta enpatikoagoa animalien sufrimenduarekiko”, azaldu dute, eta zezenketa guztien “abolizioa” eskatu dute.
Manifestaziora joatea eskatzeko, zenbait aktibistek bilkura egin dute eskuak gorriz tindatuta.