argia.eus
INPRIMATU
Bilbon gaztetxea okupatu dute: Patakon
  • Bilboko Uribarri auzoan Patakon gaztetxea okupatu zuten ostiral arratsaldean. Auzoko gazteen beharrak asetzea eta auzokideen topagunea izatea du helburu proiektu berri honek, alternatiba sozial eta kulturalen alde eginez, okupatu zuten gazteek adierazi zutenez. Eraikina Matiko kalean dago eta mende erdi zeraman hutsik.

2012ko ekainaren 04a
Ostiralean okupatu zuten Patakon gaztetxea (Argazkia: Bilboko branka)

Ehun pertsona inguru bildu ziren ostiralean Uribarriko eskoletako plazan. Udal zerbitzu ezaren aurrean, zerbitzu herrikoien alde agertu ziren. Trauko, Matiko eta Uribarri kaleetatik ibili ziren kalejiran eta Patakon gaztetxearen aurrean amaitu zuten. Orduan, eraikinaren aurrean zeuden gazteek, kalejira txalotu eta auzokideei okupazioaren berri eman zieten.

Bertan bildu ziren gazteek aldarrikatu zuten hainbat eskaera egin dizkiotela Bilboko Udalari, eta honen erantzun ezaren aurrean "Matikoko eraikinari erabilpena eta bizia ematea" erabaki dutela. Patakon lokal asanblearioa, autogestionatua, interes kolektiboa defendatzen duena, parte hartzailea eta euskalduna izatea bilatuko dutela diote besteak beste.

Amaitzeko azaldu zuten gazteen iniziatiba izan arren, adin guztietako pertsonak bildu nahi dituela Patakonek. Aste osorako hainbat hitzordu zehaztu dituzte gaztetxeko beharrezko lanak antolatzen hasteko. Gaur bertan prentsaurrekoa izango da eguerdiko 11.00etan Moraza plazan.