Bilboko Udaltzaingoak senegaldar gazte talde bati egindako miaketak eta identifikazioak salatu ditu SOS Arrazakeria Bizkaiak. Elkarteak salatu du halako esku-hartzeak sistematikoki gertatzen direla eta arrazakeriak bultzatuak direla.
Azaroaren 4an, asteazkena, jazo zen SOS Arrazakeria Bizkaiak salatu duen azken gertaera arrazista. Bilbo Zaharreko Martzana kaian zegoen senegaldar gazte talde bati hurbildu zitzaion Bilboko Udaltzaingoa, dokumentazioa eskatuz eta miaketak burutuz.
Gertakizunen testiguek jakinarazi dutenez, jazarriak izaten ari ziren pertsonek udaltzainen jarrera kuestionatu zuten, eta horren aurrean agenteek adierazi zieten inguruko auzokideek deitu zutela Udaltzaingora, substantzia ilegalak kontsumitzen ari zirela jakinaraziz.
SOS Arrazakeriakek jakinarazi du miaketak egin ostean, udaltzainek alde egin zutela inor salatzeko aztarnarik batere gabe. Salatu dute hainbat pertsona arrazializaturen sozializazio esparru den eremu horretan Udaltzaingoak egiten dituen miaketak arrazakeriak motibatuak direla. Elkartearentzat, horren erakusgarri dira miaketa horien jo puntua pertsona arrazializatuen kolektibo bat izatea, eta esku-hartzeak sistematikoki gertatzea. “Adibide bat jartzearren, bi egun beranduago, azaroaren 6an, Udaltzaingoa berriz itzuli zen toki horretara esku-hartze bertsua egitera”, adierazi du.
Poliziaren esku-hartze arrazista salatzeaz gain, auzokideen arrazakeria ere salatu du elkarteak: “Poliziak esaten duenean auzokoek deitu dutelako jarduten dutela, egia izan daiteke edo ez, baina hala izanez gero, auzokideen arrazakeria sozialaren ondorioz jardungo lukete, eta arrazakeria hori iraunkorra eta onartezina da. Noiz arte jarraituko du Udaltzaingoak dei arrazista horiei sinesgarritasuna ematen?”. Bestalde, jazarpen polizial arrazistaren atzean arrazakeria instituzionala dagoela ere seinalatu dute, zeinak jendartea bitan zatitzen duen: espazio publikoan libre ibili eta eseri daitezkeenen eta halakorik egin ezin dutenen artean.
Arrazakeriak bultzatutako esku-hartze polizialek zenbait komunitateren kriminalizazioa eragiten dutela, eta segurtasunak miaketa arrazista eta masiboekin zerikusirik ez duela ohartarazi du elkarteak. Beren aldetik, halako esku-hartzeak normalizatu daitezen ez dutela onartuko jakinarazi dute.