argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udaltzaingoaren eraso arrazista pairatu zuen herritar batek akusatu bezala deklaratu beharko duela salatu dute
  • Senegalen jaiotako M.G. legez kanpo atxilotu eta kolpatu egin zuten iragan ekainean, ondoren agintaritzaren aurkako erresistentzia larria leporatzeko, Bizkaiko SOS Arrazakeriak jakinarazi duenez. Ostegunean deklaratuko du epaitegian akusatu bezala. Babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 19a
Bilboko Udaltzaingoaren abusuak behin baino gehiagotan salatu dituzte arrazakeriaren aurkako elkarteek. Argazkia: eitb.eus.

Ekainaren 28an gertaturikoa gogoratu du Bizkaiko SOS arrazakeriak hedabideetara bidalitako prentsa oharrean. Elkartearen esanetan, jatorri senegaldarreko eta 34 urteko M.G. geratu zuen Bilboko udaltzain batek bere etxetik San Frantzisko kalera oinez zihoala, probarik gabe “zuk marihuana duzu” leporatuz. Herritarrak leporapena ukatu zuen birritan, eta orduan identifikazioa eskatu zion poliziak. Gainean ez baina metro batzuetara zegoen bere etxean dokumentazioa bazuela erantzutean, udaltzainak “beltz harroputza” esanez iraindu zuen M.G., bultzatzearekin batera. San Francisco auzoko bizilaguna lurrera erortzean bultzakadaren ondorioz, hiru udaltzainen artean immobilizatu zuten, batek bere gorputzaren pisu osoa M.G.ren lepo gainena jartzen zuela. Bizilagunen protesten artean eraman zuten atxilotua polizia-etxera. Ez zioten marihuana edo bestelako drogarik atzeman, baina agintaritzaren aurkako erresistentzia larria leporatu zioten.

Ez dira kasu isolatuak

Erasoa kriminalizazio eta arrazakeria kasu bat dela salatu du Bizkaiko SOS arrazakeriak, Poliziaren bortizkeria eta abusuak ez direla kasu isolatuak azpimarratuz. Erakunde publikoei eta arduradun politikei neurriak hartzeko eskatu die, eta M.G.ren kasu zehatzari dagokionez, “justizia, erantzukizunen onarpena eta erreparazioa”.

Ostegunean, kontzentrazioa

Ostegunean akusatu bezala deklaratu beharko du San Frantziskoko bizilagunak, ekaineko gertakarien ondorioz. Mbolo elkarteak eta Bizkaiko SOS arrazakeriak kontzentrazioa deitu dute epaitegien aurrean, poliziaren kriminalizazioaren eta eraso arrazisten aurka.