argia.eus
INPRIMATU
Bilboko udaltzainek gazte bat jipoitu eta bere buruaz beste egiten saiatu zela salatu du SOS Arrazakeriak
  • Irailaren 12an 19 urteko gazte arrazializatua eraso zuten hainbat udaltzainek San Frantziskotik gertu eta polizia-etxean atxiloturik zela bere buruaz beste egiten saiatu zen, erakundearen arabera.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 01
Gazteak jasandako kolpeak erakusten dituen argazkia, Bizkaiko SOS Arrazakeriak utzita.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak ustezko “polizia basakeria arrazista” baten berri eman du prentsa ohar bidez. Irailaren 12an gertatu zen erasoa, San Frantzisko auzoan. Eztabaidan ari ziren hainbat lagun aldentzen saiatu zen gaztea, eta orduan, polizia batek kolpea eman zion zango batean. Erakundearen arabera, handik oinez joan zenean, Hernani kalearen inguruan hainbat udaltzainek lurrera bota eta jipoitu egin zuten, buruan, hanketan eta besoetan kolpatuz. Erasoan lepoko bat eta mugikorra ere hautsi zizkioten.

 Gazteak agenteei etengabe galdetu zien “ea zer egin zuen eta zergatik tratatzen zuten horrela”, baina handik atxilotuta eraman zuten Miribillako polizia-etxera. Hori guztia 21:00ak inguruan gertatu zela dio SOS Arrazakeriak, baina goizaldeko 1:00ak arte ez zutela Basurtuko ospitalera eraman. Parteak jartzen du aurpegian lesioak zituela eta kolpeak gorputz osoan, batez ere ezkerreko ukondoan, zeinagatik besoa lotu behar izan zioten.

Polizia-etxera itzulita, “minaren eta gertaturikoak sorturiko ikara horren guztiaren erdian, bere buruaz beste egiten saiatu zen soinean zuen arroparekin", dio erakundeak. Udaltzainek esku hartu omen zuten, baina arroparik gabe biluzik uzteko. Goizeko 7:00etan, itzultzaile batekin egon ondoren aske utzi zuten, atxiloketaren dokumenturik eman gabe, lesioen ospitaleko partea baino ez.

Eguneroko erasoak

SOS Arrazakeriak “izaera arrazista duen polizia basakeria” kasua salatu du, “Bilboko Udal Poliziako agenteek egina”, baita “egunero” pertsona arrazializatu ugarik jasaten duten “polizia-biolentzia” ere. San Frantzisko auzoko militarizazioan jarri du azpimarra erakundeak eta bertan bizi direnak “kriminalizatu” besterik egiten ez dituztela.

Poliziaren protokoloetan “arrazismo instituzionala” existitzen dela ziurtatu du eta gaineratu du bere buruaz beste egiten saiatu den gazte bat ez zaintzearen “arduragabekeriak” giza eskubideen kontra egiten duela: “Pertsona guztien duintasuna eta osotasuna zaintzea exijitzen dugu”.