argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udalari, emakumeez eta kale-izendegiaz

Paulo Alberdi Sololuze 2021eko abuztuaren 11

Iazko udazkenean, urriaren 29ko bilkuran, Bilboko udalbatzak aho batez onartu zuen emakume izenak lehenestea hiriko kale, plaza eta azpiegitura berriak izendatzean. Nork bere talaiatik, udaleko talde guztiek aitortu zioten garrantzia kale-izendegian berdintasuna sustatzeari eta, ñabardurak gorabehera, denek bat egin zuten ekimenarekin.

Horren ildotik, berriki jakin dugu udalak Galleteras izena emango diola Zorrotzaurreko etorbide nagusiari, auzotar batzuek hala eskatuta. Artiach fabrika historikoko emakumeak eta haien jarduna omentzea da izendapen horren asmoa, duela gutxi, itsasadarraren bestaldean, zirgariei eskainitako kaiarekin egin antzera.

2017an eman zioten Zirgariak izena Olabeagako kaiari. Ordura arte, Alfonso Churruca zuen izena, Francoren eskutik Abrako kondea titulua jaso zuen ingeniariaren omenez, baina memoria historikoaren legea ezarri beharra tarteko, bestelako izen bat bilatu behar izan zion udalak tokiari eta itsasontziei bultzaka lan egiten zuten emakumeak izan zituen gogoan.

Ongi etorriak hiriko izendegira zirgariak eta ongi etorriak galleterak, are gehiago auzotarren ekimenez aukeratuak badira. Iazko bilkuran udal gobernuko partaidetza zinegotziak gogoratu zuenez, azken 9 izendapenetako 7tan jaso dute emakume izena hiriko kaleek: Julieta Berrojalbiz, Benita Asis, Clara Campoamor, Yolanda Gonzalez, Alazne Lopez, Estitxu eta Lucia Yarza; beste bat, halaber, artikulu femeninoa duen toponimoa da, La Salve zubia.

"Gure inguruan kale-izendegian emakume kopuru txikiena duen hiriburua gara. Izan ere, Bilboko 915 kaleetako 28k besterik ez dute emakume izena"

Aurrerapenak aurrerapen, ezin dugu ahaztu gure inguruan kale-izendegian emakume kopuru txikiena duen hiriburua garela. Izan ere, Bilboko 915 kaleetako 28k besterik ez dute emakume izena, hots, kaleen %3k. Ia bikoitza da ehunekoa Gasteizen, %5’7, eta hori kontuan hartu gabe iaz Martxoak 8 izena eman ziotela Juan Carlos I. erregearen omenezko etorbideari. Aurreko bietan baino portzentaje handixeagoa dute Donostian zein Iruñean.

Luze joko du aldaketak, udalak aurreikusi moduan, espazio berrien izendatze hutsera mugatuz gero. Bien bitartean, ezin dugu esan hiriko izendegian polemika sortu duen izenik ez dugunik. Dozenaka ditugu Alfonso Churruca bezain desegokiak. Burura datozkit, besteak beste, Miguel Primo de Riveraren diktadura garaiko alkatea, Federico Moyua, eta Bilboko setioan parte hartu zuen jeneral karlista nafarra, Benito Eraso.

Hori gutxi balitz bezala, izenik gabeko kaleak ere baditugu hirian. Uribarri auzoan, esaterako, hiru zeharkale ditugu, A, B eta C izenekoak. 1930 urtean jaso zuten izendapen apal hori –lehenak A, bigarrenak B, hirugarrenak C–, eta hala iraun dute ordutik gaurdaino.

Aurreko guztia ikusita, eta ur handitan sartu gabe, proposamen bat egin nahi diet udal ordezkariei: Uribarri A, B eta C zeharkaleei emakume izena jar diezaietela. Badaezpada ere, eta proposamena borobiltzeko, hiru hautagai ekarri ditut.

Bizenta Mogel zeharkalea. Azkoitian jaioa 1782 urtean, emakume aurreratua izan zen, inondik inora, Bizenta Mogel. 22 urte besterik ez zituela euskaratu zituen latinetik Esoporen zenbait fabula (Ipuin onac, 1804) eta, horrela bada, euskaraz argitaratu zuen lehen emakumetzat dugu. Arlo pribatuan, 1817 urtean Abandora ezkondu eta bertan bizi izan zen ia 40 urtez, 1854an hil zen arte. Sinesgaitza badirudi ere, Donostian eta Gasteizen badu kalea Bizenta Mogelek; ez, ordea, Bilbon.

Euskal erraketistak zeharkalea. Ahanzturan galdu dira XX. mendearen lehen erdian arrakasta izugarria lortu zuten emakume pilotari hauek. Badugu, hala ere, haien jarduna oroitzeko motiborik: gure arteko lehendabiziko emakume kirolari profesionalak izan ziren. Ezbairik gabe, erraketisten kolektibo osoa omentzea litzateke egokiena, baina, pertsona zehatza behar izanez gero, arloko adituek Antonia Uzkudun, Chiquita de Anoeta, jotzen dute guztien artean bikainena.

Athool dukesa zeharkalea. Katharine Marjory Ramsay emakume eskoziarrak paper garrantzitsua jokatu zuen, Gerra Zibileko frontea hirira hurreratzean, Bilboko haurrek Ingalaterrara ihes egin zezaten. Athool dukesa izan zen Basques Children‘s Comittee delakoaren burua eta, elkarte hari esker, 1937 urteko udaberrian ehunka umek lortu zuen Habana itsasontzian erbestera alde egitea, Santurtziko portutik.

Badakit hiru kaleri izena aldatzeko proposamen honek ez duela gure hiriko izendegiaren egoera errotik aldatuko baina, gure udal ordezkariek bezalatsu, nik ere pentsatzen dut kale-izenen kasuan pausorik txikienak ere esanguratsuak izan daitezkeela.

Idatzitakoak harrera ona izango duelakoan, 2021eko abuztuaren 10ean testu honen kopia bat igortzen dut Bilboko udalera eta babeskopia, berriz, ARGIA aldizkarira.