argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udalaren Balioen Karta kontraesankortzat jo du Piztu Bilbo, Itzali MTVk
  • Bilboko hiriaren giza garapenerako estrategikotzat joten diren balioak barnebiltzen ditu kartak. Eragileak, bere partetik, honen “kontraesan estrukturalak” azpimarratu ditu.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 21

350.000 biztanleko hiriaren lagin modura 1.400 pertsona erabilita, eta prozesu parte hartzaile bidez, Bilboko Udalak hamazazpi balio jasotzen dituen Balioen Karta osatu du, hiritarren postontzietara helarazi duena. Honen aurrean, kartaren atzean dauden instituzioen jarduna eta bertan biltzen diren balioak bat ez datozela azpimarratzeko beharrizanari erantzunez, Piztu Bilbo, Itzali MTV eragileak prentsa ohar bat egin du publiko.

Lehenengo baloretik azkeneraino, denak dira onargarriak eragilearen arabera. Izan ere, beraien asmoa Giza Eskubideetan oinarritzen diren baloreak kritikatzetik urrun dagoela adierazi dute, beraien helburua karta bultzatu duten instituzioen hipokresia azaleratzea dela azalduz. Instituzioak jarri dituzte jo-puntuan, Bilboko Udala eta Bizkaiko Diputazioa bereziki, argudiatuz lurralde garapen ekonomiko eta sozialerako estrategia bezala aurkeztu dutena enplegu prekarioan, ezberdintasunean, bazterketan edota auzoetako elkarbizitzarako espazioen suntsiketan oinarritzen dela, besteak beste.

Eragileak dioenez, honako honek orain hogei urte baino gehiago hedatzen hasitako hiri ereduari beste bultzada bat ematea du asmo. Egiten duten irakurketaren arabera, hiri eredu horren hedapenak ekonomia osoa eraldatzea du xede, Guggemheim Efektua onartu zenetik gertatzen ari den modura. Horren ondorioz, dio eragileak, industria alorreko langilearen esplotazioan oinarritutako ekonomia eredutik hiriko biztanle guztien esplotazioan oinarritutakora igaro gara.

Balioen Karta Bilboko Udalak propaganda turistiko eta instituzionalerako darabilen tresna bezala ulertzen du Piztu Bilbo, Itzali MTVk, ezberdintasun sozialak handiagotu eta nazioarteko enpresen zein euskal burgesiaren ongizatea bermatuko duena.