argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udalak etxebizitza turistikoak erregulatuko ditu, ohiko ostatuei lehentasuna emanez
  • Udal Gobernuak Bilboko Udalaren Hiri Antolaketarako Plan Orokorra aldatuko du egunotan erabilera turistikoa duten etxebizitzak kontrolpean jartzeko. Zazpi Kaleetan eta Bilbo Zaharrean goraka doazen logela turistikoen jarduera finkatu nahi dute eta Turismoaren Euskal Legera egokitu.

Uriola.eus @uriolaeus 2017ko irailaren 20a

Plan horretan, lau kategoria desberdinetan bananduko dituzte turistentzako dauden etxebizitza edo logelak. Lehenengo bi kategoriak logela turistikoek eta etxebizitza turistikoek osatuko dituzte. Azken aldian honek izan dira Bilbo inguruan gorakada izan dutenak, eta arazoak sortu dituztenak turismora dedikatzen diren herri handietan. Turismoa egiteko era berri hau kontrolatzea eta arautzea izan da legedi berri hau sortarazi duena.

Bestetik, hirugarren eta laugarren kategorietan, apartamendu turistikoak edo aparta-hotelak, pentsioak, hotelak eta hostalak egongo dira. Honek, ordea, ez dute aldaketa nabarmenik izango legedi honen barruan. Kategoria honek dira Udal Gobernuak bermatu nahi dituenak, Bilbora datozen turista berriak jasotzeko lehenetsitako establezimendu gisa.

Etxebizitza turistikoak dira kontrolatu nahi dituztenak. Bilbon, bizitegi-eraikinetako lehenengo solairuetan edo bizitegirako direnen jarraiko beheragoko solairuetan, aparteko sarrera badute, sortu daitezke honelako etxebizitzak. Erabilera turistiko bakarra baimenduko da eraikineko, eta batez ere, kontuan hartuko dituzte Bilboko Zazpi Kaleetan eta Bilbo Zaharrean finkatzen direnak.

Turismoaren pisua Bilbon geroz eta handiagoa den arren, Juan Mari Aburto alkatearen iritziz, "une honetan turismoa ez da arazoa", beste hiri batzuekin alderatuta. Hiriko barne produktu gordinaren %6 ordezkatzen du turismoak Bilbon, eta alkatearen arabera "badugu tartea gehiago garatzeko". 

Ekotasa: Aburto kontra

Udalbatzarreko Osoko Bilkurara iritsiko da epe laburrean Bilbon ekotasa edo tasa turistiko bat ezartzeko proposamena. Udalberri koalizioak aurkeztuko du. Aburtoren esanetan, "ez da beharrezkoa", egungo egoerak "ez duelako eskatzen". Hortaz, bere alderdiak kontra bozkatuko duela iragarri du. 

Olabarri Jauregia, hotel bihurtzeko bidean?

Gaur egun Bilboko Portuko Agintaritzaren egoitza den Campo Volantineko jauregia libre geratuko da, Portuko Agintaritza lekuz aldatuko dutelako. Gaur egun “ekipamendu publikoa” da, baina Udalak kategoriaz aldatzeko proposamena egingo du.

Horrela, eraikina enpresa pribatu batek erosi ahalko du, eta eraikin horretan jarudera berriak sustatu. Udalak, eraikina hotel berri baterako aproposa dela iragarri du.

Proposamenak EAJ, PSE eta PP-ren babaesa dauka. EH Bildu, ordea, kontra azaldu da. Beraien iritziz, “pelotazo urbanistiko” bat da, besterik ez. Ekipamendu publikoa pribatu bilakatzea ez dute begi onez ikusten, eta puntu honen kontra bozkatuko dute.

Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak esan duenez, “Estatuak ez badio erabilerarik emango, har dezala Udalak eta eman diezaiola erabilera publiko bat”. Olabarri Jauregia ekipamendu publikoa izaten jarraitzea nahi dute abertzaleek.

Albiste hau Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.