argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Udalak 1.475.000 euroko lana esleitu zuen lehiaketa publikorik gabe
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko ekainaren 06a
Aitziber Ibaibarriagak (EH Bildu) Lehiaren Euskal Agintaritzak aurkeztutako txostena argitaratu ondoren egin ditu adierazpenak. (Argazkia: EH Bildu).

Hiriburuko Udalak 2012an hitzarmen bidez Auzo Bihotzak proiektuaren diseinu-lana Metropoli Fundazioari esleitu izana salatu zuen koalizioak orain hiru urte. Orduan 664.000 euroko zifrak aipatu zituzten, baina gaur 1.475.000 eurora arteko ordainketak aipatzen dira. Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak (2014an Bilboko Udalean zinegotzi zena) egin du Lehiaren Euskal Agintaritzak argitaratutako txostenaren irakurketa: “Txostenak dio arrazoia daukagula. Diru hori, 2014an salatu genuen bezala, nahierara eman zen. Guk 700.000 euroko ordainketa izan zela pentsatu genuen baina, gure harridurarako, ia milioi eta erdi ordaindu zitzaion fundazioari nahierara. Txosten horrek bere egunean gobernuak eman zituen argudio guztiak baliorik gabe uzten ditu. Fundazioari diru hori ordaintzeko erabilitako argudioek, beraz, ez daukate inolako oinarririk. Irabaziak lortzeko asmo bat zeukan eta fundazioak enpresa baten moduan funtzionatzen zuen. Izan ere, hainbat urtetan haien etekinak jarduera merkantiletik heldu ziren”.

Bilboko Udalak 2014ko salaketaren ondotik adierazi zuen lan hori egin zezakeen bakarra Metropoli Fundazioa zela, eta horrela argudiatu zuen lehiaketa publikorik egin gabe lan hori esleitu izana. Txostenak dio, ordea, argudio horrek ez duela oinarririk, eta interes orokorra bermatzeko administrazioaren modurik egokiena esleipena konkurtsora ateratzea dela, aurkeztutako enpresek aukera berdintasuna izan dezaten.

Alkatearen agerraldia eskatu du EH Bilduk

Bilboko alkateari eta Udal Gobernuari koalizioak galdetu nahi dio “zergatik defendatu zuten behin eta berriro fundazio horri dirua ematea”, eta ea Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak ondorio politikorik izango ote duen. Horrekin batera, eskatuko dute lehiaketa publikorik gabe egindako hitzarmen hori bertan behera uztea.