argia.eus
INPRIMATU
Bilboko tabernariek euren aurkako “kriminalizazioa” salatu dute
  • Udaltzaingoaren jarrera gaitzetsi dute, eta laguntzekin “eskuzabalagoak” izateko eskatu diote udalari.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 19a
Tabernarien elkarretaratzea. Argazkia: @BodegaMehatzari

Bilboko tabernariek kontzentrazioa egin dute astearte honetan udaletxearen aurrean. “Ostalaritza bizirik. Duintasunez lan egin nahi dugu! Hipokresiarik ez!” zioen pankartak. Hala Zazpikaleetako, Santutxuko, Atxuriko eta Bilbo Zaharreko taberna elkarte batek bere ezinegona adierazi du krisialdiaren eraginez bizi duen egoerarengatik. Bilboko Udalari zuzendu zatzaizkie, eskaera jakin batzuekin: “%20an ari gara lanean, eta zergak oso-osorik ordaintzen ditugu: ura, zaborrak... Gehienok ez dugu laguntzarik jaso, eta zerbitzariak aldi baterako erregulaziotik atera ditugu. Laguntza behar dugu. Hala jarraituz gero, asko ez gara azarora iritsiko. Taberna eta denda txikiak kinka larrian gaude”. Gainera, argitu dute laguntza horiek “Bilboko eta Euskal Herriko tabernari guztientzat” beharrezkoak direla.

Ihintza Torres Zulo tabernako langile eta mobilizazioko bozeramaileak aditzera eman duenez, udaltzainek “gehiegizko indarkeria” darabilte euren aurka. “Gaizkileak bagina bezala tratatu gaituzte”, kexatu da Torres. Etengabe “distantziak zaintzen” dabiltzan zerbitzariek “arriskurik handiena” jasaten dutela ekarri du gogora. Jendea eta osasun neurriak kontrolatu beharrak eragiten dien “estresa” gaineratu du. Horren aurrean, bidegabetzat jo dute udaltzainen isunak jasotzen ibili beharra.

Zazpikaleetako taberna gehienak terrazarik gabeko taberna txikiak direnez, jendea seguruago legoke kalean barruan baino, ostalarien iritziz. “Ireki genuenean, ez zen inor kutsatu; jendeak kalean kontsumitzen zuen, eta guk muga guztiak errespetatu ditugu. Gero, arau zorrotzagoak etorri ziren, eta muga horiekin COVID-19aren zabalkundea mugatzen bada, ondo. Baina, muga horiek ezarri arren, COVID-19aren zabalkundea agian ez da eten. Arazoa agian ez dago ostalaritzan. Agian beste toki batzuetan bilatu beharko lukete: lantokiak, kostaldera lepo beteta doazen trenak... Jendea etxeetan biltzen da. Ostalaritzan behintzat garbitasuna duzu, eta bakoitzak bere edalontzitik edaten du. Tabernetan osasuna bermatzen da", argitu du.

Ohiko fakturazioaren laurdenetik behera eta Aste Nagusirik gabe geratu dira. Hori gutxi balitz, zerbitzari gehienak aldi baterako erregulaziotik txostenetik kanpo geratu dira. Torresek honakoa azaldu du: “Hauteskunde aurreko bi asteetan modu egokian lan egiten utzi ziguten. %60an jardun genuen, irabazirik gabe, baina gastuei aurre egiteko moduan. Taberna askok aldi baterako espedienteetan zituzten zerbitzariak aktibatu zituzten. Hauteskundeen ostean, mugak ezarri zituzten; %20ra jaitsi gara, eta zerbitzariak ezin dira erregulaziora itzuli”. Gainera, taberna guztiak “galerak” izaten ari direla ekarri dute gogora, eta horietako askok behin betiko itxi beharko dutela aldaketarik ez balego.