Autobideko lanak areagotzeko eta Bolintxu haranaren barrenean lanak hasteko gisan, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak COVID-19 izurriteaz eta alarma egoeraz baliatu direla salatu du Supersur Handitzeari Ez plataformak. Gaur egungo egoera sozio ekonomiko zein ekologikoa kontutan harturik, obrak berehala gelditzeko deia luzatu die instituzioei.
Ez da konfinamendurik izan Bilboko Supersur autobidea zabaltzeko obretan, enpresa eraikitzaileak lanean aritu dira eta langileen osasuna ez ezik, herritar guztiena ere jarri dute arriskuan. Egoera "arduragabea" deitoratu du Supersur Handitzeari Ez plataformak.
Koronabirusaren krisiaren biharamunean, gisa horretako egitasmoek tokirik ez dutela argi du plataformak: "Post COVID-19 agertoki berrian, Supersur ez da bideragarria. Une egokia da lurralde-garapen iraunkorragoa zein ingurumena eta klima gehiago errespetatzen dituzten mugikortasun modu berriak mahaigaineratzeko". Gogorarazten du 2019ko uztailaren 30ean Eusko Jaurlaritzak klima-larrialdia adierazi zuela, Euskal Herria karbonoan neutroa izateko. Beste gisako garraiobide batzuk garatzearen deia gehitzen du ere: oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoak.
Proiektu horretarako erabiltzen ari diren eta etorkizunean erabili nahi diren diru-sailak COVID-19aren kontrako borrokara bideratzea eskatzen du taldeak: osasun publikoa indartzera, osasun –eta ekonomia – krisiaren eraginpean dauden pertsona guztientzako gizarte-laguntzetara eta herritarren bizitza hobetzeko interes sozial handiagoko beste obra batzuetara.
Bilboko Supersur obrak oso garestiak direla salatzen du plataformak, gehituz ekonomia dinamizatu beharrean, egitasmoak "diru publikoa gehiago zorpetzen" duela. Izan ere, plataformak plazaratu datuen arabera, kilometro bakoitza 47 milioi euro kostatzen zaie Bizkaiko biztanleei eta zenbateko horri gehitu behar zaizkio aurreko fasea egiteko hipotekatu dirua zein eskatu diren maileguen interesak eta ustiapen-defizitaren ondoriozko galerak: "Horrek guztiak, datozen 20 urteetan 60 milioi euro baino gehiago urtero ordaintzea ekarriko du".
Egindako erabilera aurreikusitakoa baino askoz apalagoa dela ohartarazirik –aurreikusitakoa baino %50ra ere iristen, eta, gutxi balitz, etorkizuneko aurreikuspenek erabilera are txikiagoa sumatzen dute –, diru publikoa proiektu horretan gastatzea "zentzugabekotzatz" du plataformak.