Duela gutxi Bilboko Alde Zaharrean kale salmentan ari zirenen aurka Poliziak izandako esku-hartze “neurrigabe eta biolentoa” ikertzeko eta esku-hartze hori “legitimatu eta justifikatu” duen Amaia Arregi Segurtasun zinegotzia kargugabetzeko eskatu du hainbat eragilek, Bilboko alkateari bidalitako gutunean.
Ekainaren 18an, hamar Polizia auto eta dozenaka agente sartu ziren Alde Zaharrean, eta kale salmentan lasai ari ziren pertsonen aurka oldartu zen Udaltzaingoa, Ertzaintzak lagunduta. Hainbat herritarrek aurre egin zion erasoari eta pertsona bat atxilotu eta bi identifikatu zituzten.
Gertaera “larri” horiek salatu eta hainbat neurri eskatu ditu orain SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Sarean, Novisi eta beste hainbat elkartek, Juan Mari Aburtori bidalitako gutunean. Manteroen aurka behar ez zen indarkeria erabiltzea leporatu diote Poliziari, beren autoritatea modu okerrean baliatu izana. Aburtori gogoratu diote kale saltzaileek ogibide hori dutela Atzerritartasun Legeak eta traba instituzional arrazistek horretara kondenatzen dituelako, egoera aldatzeko “Udalaren borondate faltak lagunduta”.
Amaia Arregi Bilboko Udaleko Segurtasun zinegotziak egindako adierazpenak salatu dituzte, bizilagunen kexak aipatu eta “pertsona batek hala eskatu” zuela argudiatuz Poliziak esku-hartze hori egin izana justifikatzen eta legitimatzen ari dela iritzita. Arregi kargutik kentzeko eskatu diote alkateari.
Gehiegikeria arrazistak, ohiko
Poliziak gehiegizko indarra erabiltzea eta esku-hartze arrazistak egitea ez da berria, eta ugariak dira Bilbon hori salatu izan dutenak. Horregatik, Poliziaren gehiegikeriak errepresaliaren beldurrik gabe salatu ahal izatea eta salaketa horiek behar bezala ikertzea eskatu dute elkarte sinatzaileek. Sarekada eta identifikazio arrazistak bertan behera uzteko eta epaileen baimenik gabe Poliziak indarrez egiten dituen etxegabetze ilegalak amaitzeko ere eskatu dute.