argia.eus
INPRIMATU
Bilboko San Frantzisko kalean ama-semea jo zituen ertzaina kondenatu dute
  • Pandemiako itxialdi garaian, arazo mentalak zituelako kalera atera zen gazte bat eta haren ama jo zituen ertzain batek, Bilboko San Frantzisko kalean. Migratzaileak dira biktimak eta gertatutakoa bideoan jaso izanari esker, ertzaina kondenatu dute orain.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 01

2020ko martxoaren 29an jazo zen polizia gehiegikeria, ARGIAn kontatu genuen eta gertatutakoaren bideoak haserre handia piztu zuen sare sozialetan.

Bi urte geroago, Bilboko auzitegi batek dio ertzainak borra erabili izana ez dela kasuarekiko proportzionala. Ebazpenerako bideoa hartu dute kontuan, izan ere ertzainak esana zuen borra erabili aurretik 23 urteko gaztearen amak ukabilkada bat eman ziola, baina irudietan ez da halakorik ikusten. “Ezin zaie polizia agenteei sinesgarritasun osoa eman, besterik gabe polizia direlako”, dio ebazpenak.

240 euroko isuna ordaindu beharko du ertzainak, baita auziko gastuen erdia ere. Gazteari 105 euro ordaindu beharko dizkio, eragindako lesioengatik. Helegitea jartzeko aukera du ertzainak.

Arrazakeria poliziala

Bizkaiko SOS Arrazakeriak positiboki baloratu du ebazpena, eta bideoko irudiek piztu zuten haserrearen ostean sorturiko presio soziala nabarmendu du. Hala ere, kondena sinbolikoa dela gehitu dute, ez duela islatzen Fatimak eta haren seme Salmanek jasan duten “injustizia eta arrazakeria poliziala”.