argia.eus
INPRIMATU
Bilboko San Frantzisko auzoaren iragana berreraikitzeko crowdfunding kanpaina
  • “Auzoko Laratzak” izeneko transmedia proiektua osatu nahi dute Bilboko San Frantzisko auzoko oraina iraganarekin uztartuz. Itxaso del Castillo algortarrak sortu eta zuzenduko duen ekimenak webgunea, dokumentala, ekitaldia eta aplikazioa bilduko ditu.

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2013ko azaroaren 22a
Frantziskotar komentuari izena zor dion kalearen iragana berreskuratzea helburu duen proiektua abiatu berri dute.

Bilboko lehenengo bi kokalekuetako bat izan zen San Frantzisko kalea. Ordutik aldaketa ugari bizi izan ditu. " Hiri osoarentzat erreferentziazko merkataritza gune eta txikiteroentzako derrigorrezko ibilbidea izatetik droga, immigrazioa, denda itxiak, kale "alaia"-ren dekadentzia eta egoera txarretan burututako kaleko prostituzio merkea”ren erakusle bihurtu da san Frantzisko ekimenaren bultzatzaileen aburuz.

Iragana berreskuratu eta egungo errealitatearekin auzoaren identitatea eraikitzea dute helburu, belaunaldi berriek auzoaren jatorria eta orain ikusten dutenaren arteko erreferentzia izan dezaten.

Bizi osoan bertan eman duten amonei hitza eman eta auzoko etxeetako sukaldeetatik oroitzapenei lekukotasuna ematea da asmoa.

Crowdfunding kanpaina

Proiektua martxan jartzeko finantziazio kanpaina abiatu dute Verkami plataformaren bidez. Helburu dituzten 5.000 euroak lortuz gero azaroa eta abendua bitartean webgunea osatu eta urtarrilerako prest egonen dela aurreikusten dute antolatzaileek . Dokumentala maiatza eta ekaina bitartean muntatu nahi dute eta 2014ko uztaila eta abuztuan emanen diote amaiera postprodukzioarekin.