Martxoaren 29an Ertzaintzaren partetik jasandako erasoa salatu dute Bizkaiko SOS Arrazakeriak eta beste hainbat taldek. Bilboko San Franzisko auzoan hiriko gainontzeko auzoetan baino poliziaren presentzia handiagoa dagoela gehitu dute, eta bertako biztanleria, migratzaile eta arrazializatua, “polizia abusuak eta tratu txarrak” jasaten ari dela.
Igandean gertatu zen erasoa, Ertzaintzak erosketak egitetik zetorren gazte arrazializatu bat gelditu zuenean. Gertatutakoa ikusitako auzotarrek kontatutakoaren arabera, gazteak poltsa barruan zuena erakutsi zien, ertzainek eskatu bezala, eta urduri zegoela adierazi zien. Ertzainek hormaren aurka jarri zuten gaztea eta jo egin zuten.
Gaztearen ama agertu zen orduan, buruko arazoak zituela eta mesedez aska zezatela eskatuz. Gaztearen aitak bere gaitzari buruzko paperak eraman aurretik atxilotu zuten gaztea ertzainek, eta ama lurrera bota zuten, ustez konortea galduta. Gero ama ere atxilotu egin zuten.
Horren aurrean, Bizkaiko SOS Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak, LAB sindikatua, Bigite elkartea, Famek Elkartea, AmiARte eta Firekutzenek komunikatu bat atera dute erasoa gaitzesten eta auzoko egoera salatzen.
Komunikatu horretan, erasoaz gain, salatu dituzte San Franzisko auzoko poliziaren presentzia altua dela eta poliziak biztanleriarenganako egiten dituen mehatxu eta tratu txarrak, gazteari eta haren ama migratzailearekiko erabilitako gogorkeria eta erasoa salatu zuten auzokideei Ertzaintzak egindako mehatxuak.