argia.eus
INPRIMATU
Riderren “lan-babes falta” eta “muturreko arriskuak" agerian utzi ditu ikerketa batek
  • Glovo, Just Eat eta Uber Eatseko janari banatzaileen %70-75ak paperik gabe lan egiten du EAEn, El Salto hedabideak Journalismfund Europe-rekin elkarlanean egindako ikerketa-erreportajearen arabera. Horrek asegururik gabe uzten ditu langileak lanean lesioren bat izanez gero.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 05
Glovoko rider-ak. // Argazkia: Wikimedia Commons

"Kezkagarria” eta “larria” da Bilboko etxez etxeko janari-banatzaileen egoera, ikerketak jasotzen duenez. Ikerlanak agerian utzi ditu riderren segurtasun arriskuak eta lan-istripuen aurrean duten lege-babesik eza. Besteak beste, Glovo, Just Eat edo Uber Eats plataformekin egiten dute lan, haiei egiten dizkieten eskerak entregatzen.

Ikerketarako Bilbon aritzen diren 30 rider ingururekin hitz egin dute. Adierazi dutenez, migratzaileak dira gehiengoa sektorean: “Horietako askok legezko agiririk gabe lan egiten dute, eta horrek lan-babesik eta asegururik gabe uzten ditu lanean lesioak izanez gero”. Halaber, riderrek adierazi dute “gutxi gorabehera” EAEko banatzaileen %70-75ak paperik gabe lan egiten duela.

Azpimarratu dute langileek askotan hamasei ordura arteko lanaldiak egiten dituztela, eta lan-istripuak izanez gero dokumenturik ez dutenek medikura joateko beldurra dutela: “Deportatuak izateko beldur dira”. Adituek eta sindikalistek nabarmendu dute egoera horrek “osasun eta segurtasun arazo kritiko bat” islatzen duela sektorean.

Plataformen artean ere ezberdintasunak aurkitu dituzte. Just Eat-ek, esaterako, estaldura eta gizarte-segurantza handiagoa eskaintzen du, riderrek beren soldataren %100 jasotzen baitute istripu baten ondorioz lan egin ezin dutenean.

Glovo-k eta Uber Eats-ek, aldiz, autonomotzat jotzen dituzte eta gutxieneko babesa ematen diete istripuei. Honek eragin zuzena izan du prekarietatearen gorakadan. Bertako langileek 40 euroko kalte-ordain finkoa jasotzen dute egunean, 30 egunez.

Egindako proposamenak:

Politikaren esparrutik, arazo horri aurre egiteko ekintzak proposatu dira. Adibidez, Bilboko Udaleko EH Bilduko bozeramaile María del Río Peredak hainbat neurri iradoki ditu, besteak beste, kontzientziazio-kanpainak, bide-segurtasuna hobetzeko hirigintza-aldaketak eta udal mailako plataforma alternatiboen kooperatibak garatzen laguntzea. Gainera, lan-ikuskaritza indartzeko, Rider Legea erabat aplikatzeko eta paperik gabeko riderren egoera erregularizatzeko neurriak hartzeko beharra nabarmentzen da.

“Beharrezkoa da lan-ikuskaritza indartzea, Rider Legea erabat aplikatzea eta paperik gabeko riderren egoera erregularizatzeko neurriak hartzea”, adierazi du Del Río Peredak.

Isiltasun instituzionala

Planteatutako kezkak eta hobekuntza-proposamenak jaso dituzten arren, enpresek eta gobernu-erakundeek, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute deus esan egoera honen inguruan. Isiltasun horrek zalantzak sortzen ditu banatzaileen lan-baldintzak berehala hobetzeko aukeraren inguruan, El Salto-k dioenez.