argia.eus
INPRIMATU
Bilboko portutik Ukrainara tankeak bidaliko dituztela salatu dute Santurtzin
  • NATOk Ukraina militarki hornitzeko hartutako erabakiarekin bat eginez, Espainiako Gobernuak babes militarra eskaini dio beste behin Ukrainako Gobernuari. Asteartean, Bilboko portutik itsasoratuko dira Espainiako Armadaren hogei tanke, Ukrainako gerran erabiltzeko. Bidalketa gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte astelehen goizean Santurtzin.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 06a
Argazkia: OTAN EZ Plataforma

Astelehenean ziren abiatzekoak Bilboko portutik Ukrainara hogei tanke, baina bidalketa atzeratu ostean, asteartean itsasoratuko dira. Espainiako Armadak 60ko hamarkadan eskuratutako TOA M-113 beldar-ibilgailu blindatuak dira, eta Espainiako Gobernuak Ukrainakoari bidali dizkio gerran eskaintzen ari zaion babes militarra areagotzeko. NATOk Ukraina militarki hornitzeko hartu duen erabakiaren ondorio da bidalketa, Aliantza Atlantikoko gainontzeko estatuek bezalaxe, Espainiak ere hartu baitu Errusiaren aurkako gerran Ukraina indartzeko hautua. Igandean Eitb-ko albistegietan gogorarazi dutenez, iazko irailean antzeko beste bidalketa bat ere egin zion Pedro Sanchezen gobernuak Zelenskyren gobernuari.

Ostiralean, errepidez iritsi ziren Santurtzira astelehenean itsasoratuko diren hogei tankeak, Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren zaintzapean. Astelehenean, goizeko 09:30ean, herritar talde bat bildu da Santurtzin, Bilboko portuaren ateetan. NATOren eta EBren aurkako herri ekimenak deituta, elkarretaratzea egin dute Gerra inperialistak egiteko armen bidalketari ez lelopean. Armen bidalketa gaitzesteaz gainera, salatu dute "goi-klasearen interesei erantzuten dien gerrak" herria "miseriara kondenatzen" duela, eta aldarrikatu dute Euskal Herria Europar Batasunetik eta NATOtik ateratzea.

Geroxeago,11:00etan, Gerrari Ez plataformak deituta, bigarren elkarretaratze bat egin da Santurtziko Sardinera parkean. Bakea behar dute, arma gehiagorik ez lelopean, tankeen bidalketaren aurrean protesta egin dute deialdiarekin bat egin duten herritarrek.

Leopard tankeak ere, Ukrainara bidaliak izateko prestatzen

Asteartean Bilboko portutik abiatuko den kargamentu militarra ez da Espainiako Gobernuak Ukrainari egindako lehen bidalketa, ezta azkena ere. Urte batzuez Zaragozan gordeta egondako Leopard 2A4 tankeak laster hartuko dute norabide berbera. Hainbeste denboran geldirik egondako ibilgailu blindatuak erreparatzen ari dira, eta aurki bidaliko dituzte Ukrainako gerrara.