argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Portutik Ukrainako gerrara bidaliko dituzte ibilgailu blindatuak astelehenean
  • Espainiako Gobernuak Ukrainari astelehenean bidaliko dizkio TOA M-113 ibilgailu blindatuak, eta horretarako Bilboko Portua erabiliko dute. Langile militarrak garraiatzeko erabiltzen den ibilgailu blindaturik zaharrena da, Espainiako Lurreko Armadaren zerbitzuan.

     

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko otsailaren 03a
Argazkia: TOA M-113 ibilgailu blindatua.

TOA M-113 ibilgailuak Ukrainari ematea "bakearen konpromisoaren" adierazle dela esan du Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak. Ez du zehaztu nahi izan zenbat ibilgailu bidaliko dituen, "beharren arabera" eta "aliatuekin koordinatuta" erabakiko dela adierazi du.

Defentsa ministroak ostiralean baieztatu du Espainiako Leopard tankeak ere bidaliko dituela Ukrainara udaberrian. Honen harira, Kakitzat erakunde antimilitarista erabaki horren kontra azaldu da eta EAJren konplizitatea salatu du tankeak Ukrainiara bidaltzearen alde azaldu delako. Borrokarako kateak eta errodaje-tresnak SAPA euskal enpresak fabrikatzen ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren partetik 9.000.000 euroko abala jaso zuen. Gainera, salatu du EAJk zuzenketa bat aurkeztu zuela Espainiako senatuan, eta beste 2.000.000 euro proposatu zituen PID (SAPA enpresaren I+G) zentrorako. Salatu dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak milioi askoko zorrak barkatu dizkio enpresari. Hala nola, historian "hainbat kontratu, interesen beherapenak eta zorrak kitatzeko laguntzak" eman dizkio.