argia.eus
INPRIMATU
Bilboko portutik armak garraiatzen lagundu ez zuen suhiltzaileak Europan kontatu du jasandako jazarpena
  • “Babesa, militarizazioa, armagintza eta Europa gotorleku” izenburupean, Europako Parlamentuan egin den jardunaldian parte hartu du Ignacio Robles suhiltzaileak. Bilboko portutik Saudi Arabiara lehergailuak bidali behar zituen barkuaren laguntza-taldea zuzentzeari uko egin zion Roblesek 2017ko martxoan.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko apirilaren 11
Ignacio Robles suhiltzailea Europako Parlamentuan

Roblesek otsailean izan zuen jarreraren harira jasan zuen errepresioa kontatu du Europako Parlamentuan, eta Espainiako Estatuak egiten duen armen salmenta salatu du. “Espainiako Estatua nazioarteko zazpigarren esportatzailea da”, gogorarazi du.

Horrez gain, iragan urteko martxoan Bilboko portuan jazotakoaz ere hitz egin du: “Lankide batek ordezka nintzala eskatu nuen. Erabaki pertsonala izan zen, ez nuen inongo oihartzunik bilatu. Nire arrazoiak onartu zituzten eta beste lan batzuk bete nituen. Baina bonbak ziren eta ondorioak berandu baino lehenago heldu ziren”.

Roblesek ezezkoa eman eta bi astera, espediente bat ireki zioten falta “oso larria” zela esanez, eta hiru eta sei urte arteko lanuztea eskatu zioten hasieran. Alta, falta txikia ezarri zioten azkenean. “Harrigarria da benetan, Yemen, Siria edo beste edonongo zorigaitzak iritzi publikoari helarazteko interes eza; eta suhiltzaile baten istorio bitxia berriz, bai”.

Podemos taldeko eurodiputatu Xabier Benitok salatu du Europako Parlamentuak birritan Saudi Arabiaren kontrako arma blokeoa eskatu duen arren, ez dela “hilabeterik pasatzen” Bilbo edo Santanderreko portutik lehergaiak eta armak garraiatu gabe.

Bestalde, EAJ, PP, PSOE eta Ciudadanos alderdiek Europako armagintza industriaren lehiakortasuna sustatzeko “500 milioiko inbertsioari baietza” eman diotela salatu du.