Sindikatu abertzaleko 100 bat kidek Portuko sarrera blokeatu dute Santurtzin, eserialdi baten bitartez. Ekimen horren bitartez Palestinari elkartasuna erakutsi eta genozidioa salatu dute.
“Euskal langileok ez dugu genozidioaren konplize izan nahi”, adierazi du Ezkerraldean LABek duen arduradun Amaiur Renteriak. "Genozidioaren kontura aberasten ari diren euskal enpresak eta horiek genozidioarekin duten konplizitatea" salatu nahi izan dituzte. Renteriak azpimarratu du abenduaren 16an idatzi bat erregistratu zutela Santurtziko Portuko Agintaritzan, Israelera armak bidaltzea errazteari uzteko eskatzeko.
Koldo Saenz Nazioarteko idazkariak adierazi du, 2023ko urriaren 7ko erresistentzia palestinarraren erasoarekin batera ez zela "deus hasi", "76 urte luzez irauten duen Palestinaren kolonizazioa, okupazioa eta apartheidaren" ondorio izan zela.
Sindikatuak azpimarratu du Palestinak elkartasunaz gain konponbideak behar dituela gehien bat. AEBek eta Europar Batasunak genozidioari emandako babesa salatu dituzte. "Basakeria honen aurrean itxaropenik" badagoela gaineratu du eta bi ekintza jarri ditu adibidetzat: Grezian Pireo Portuan Israelera armak zeramatzan itsasontzia langileek geldiarazi zutenekoa eta Irlandan Israelera armak zeramatzan hegazkina Shanoneko aireportuan blokeatu zutenekoa.
Zentzu horretan, LABek bi ideia azpimarratu ditu. Alde batetik, euskal langileei deia egin diete, "eskura dituen presio mekanismo guztiak erabili ditzan" Israel Nazio Batuen ebazpenak betetzera behartzeko. Eta bestetik, nazioarteko komunitatea interpelatu dute, Palestinan "bakea eta justizia bermatuko dituen konponbide integral baterako" eskura dituen mekanismo guztiak martxan jar ditzan, Palestinako preso politiko eta errefuxiatuen itzuleraren eta autodeterminazio eskubidea bermatuta, "behingoagatik okupazioa eta kolonizazioari amaiera eman eta Palestina askea lortzeko".