argia.eus
INPRIMATU
Bilboko droga kontsumo gelaren itxiera: erabiltzaileen osasun-eskubidea kolokan
  • Bizkaiko Batzar Nagusiek asteazkenean egindako bozketan atzera bota dute PSE-EEk Bilboko Bailen auzoko kontsumo gela irekita mantentzeko eta kudeaketaren ardura administrazio publikoak hartzeko egindako eskaria. PPk eta EAJk aurka bozkatu dute eta EH Bilduk eta PSE-EEk alde.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko ekainaren 26a
Droga kontsumitzaileen duintasuna eta osasun-eskubidea bermatu barik geratuko direla adierazi dute.

2003an ireki zenetik Munduko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundea arduratu da “narkogela” izenez ezagutzen den kontsumo gela kudeatzeaz. Haren jarduera “asistentziala” dela argudiatuz eskualdatzeko erabakia hartu zuen GKEak hil hasieran. Horretan izandako “kudeaketa txarraren” ondorioz itxiko dutela adierazi dute bertako hainbat langilek.

Zerbitzua mantentzen jarraitzeko, PSE-EEko Juan Oterminek adierazi du eskaerarekin gelaren kudeaketa ondorengo erakundeek bere gain hartzea lortu nahi zutela: Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala.

Oterminek gogorarazi du erakunde guztiek begi onez ikusi zutela kontsumo gelaren sorrera, droga-kontsumitzaileen bizi-baldintzak hobetzeko, kontsumoa neurtzeko eta kaleetatik urruntzeko baliabidetzat jo zutelako.

EAJko Jon Larreak adierazi du zentroaren lana urte bukaera arte luzatzeko Munduko Medikuekin negoziazioak izan direla adierazi eta Amaia Agirresarobe EH Bilduko batzarkideak droga kontsumitzaileen egoerari buruzko eztabaidaren gabezia azpimarratu du.

3.000 pertsona baino gehiagori arreta

Gaur arte, 3.000 pertsona baino gehiago igaro dira kontsumo gelatik eta 270.000 zerbitzu baino gehiago eskaini dituzte, arduradunek emandako datuen arabera. Zentroko langileek adierazi dute, itxierarekin droga kontsumitzaileen duintasuna eta osasun-eskubidea bermatu barik geratuko direla.

Langileen esanetan, Munduko Medikuak eta administrazio publikoek hartutako erabakiaren ondorioz, ezingo dute urteetan zehar kontsumo gelaren beharra izan duten eta izaten jarraitzen duten  pertsonekin lan egiten jarraitzea ezinezkoa izango zaiela. Horien iritziz, eskualdatzearen prozesua porrota izan da, ez delako lortu osasun-zerbitzua beste gizarte-erakunde batera transferitzerik.