argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Mujika Eskolak kalejira egingo du, Udalak haien eskaerak aintzat har ditzala eskatzeko
  • Bilboko Alde Zaharreko ikastetxeak dituen hainbat arazoren aurrean Udala luzamendutan ari dela diote gurasoek. Hori horrela, “Mujika Eskolaren alde, Udala entzun” lelopean kalejira egingo dute asteazkenean, 16:15ean, ikastetxetik Udaletxeraino. Eskolan bertan entseatzen duten txistulariek eta batukadak girotuko dute ibilbidea.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 13a
Mujika Eskolako mendeurrenaren ospakizuna (Argazkia: Borja Guerrero)

Arazoei bide emateko batzorde bat sortu dute, eta horren izenean gutun bat helarazi diete alkate eta zinegotziei. Erantzunik jaso ez dutenez, gurasoek, banan-banan, gutuna erregistratu dute Udalean.

Udalarekin bilkuretan ere badabiltza. Urrutira joan barik, ekainaren 6an Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziarekin eta Jone Unzueta Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zuzendariarekin bildu ziren Udaletxean. Hainbat arazoren artean, espazio falta konpontzeko ikastetxe ondoko eraikinaren beheko solairua ikastetxeari berari uzteko aukeraz aritu ziren. Gurasoek katastroan frogatu zutenez, beheko solairuko lokala Udalarena eta Eusko Jaurlaritzarena da, eta urteak daramatza hutsik. Iaz Juan Mari Aburto alkateak kontuan hartzeko aukeratzat jo zuen lokala ikastetxeak erabiltzea, baina erabilera horri ezezkoa eman dio Unzuetak, “prozesu judizialean” dagoela argudiatuz. 

Beste hainbat arazo ere badituzte Mujika Eskolan. Batetik, kanpoko patiorik ez daukate, eta eskolara sartzeko ordua denean, Udaltzainen presentziarik ez bada, ibilgailuak pasatzen dira bertatik, umeak arriskuan jarriz. Bestetik, itokinak dituzte, eta euria ari duenean putzuak sortzen dira. Beroa egiten duenean berriz, sabaia uralitazkoa denez, 37 gradutan egotera heltzen dira; haurrak ureztatzen aritu behar izaten dute irakasleek. Espazioari dagokionez, matrikulazio kopuruak gora egin du eta estu dabiltza; haurrak geletan eta jantokian sartzeko arazoak dituzte. Jantokian, berez bi txanda egin beharko liratekeen arren, hiru txanda egiten dituzte, ikasleei jateko denbora nabarmen murriztuz eta “lauren tokian sei ume sartuz”.