argia.eus
INPRIMATU
Bilboko metroko langileak seigarren egunez ari dira lanuztea egiten, hitzarmen kolektiboa desblokeatzea xede
  • Asteazken goizeko 06:30etatik 09:30etara lanuztea egin dute, eta arratsaldean bigarren lanuztea egingo dute beste hiru orduz, 18:30etatik 21:30etara. Planteamendu berari jarraituz, ostiralerako ere lanuzteak deitu dituzte CIM, ELA eta UGT sindikatuek. Helburua hitzarmen kolektiboa desblokeatzea da.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 13a
Argazkia: Mario Roberto Duran Ortiz

CIM Metroko Kolektibo Independentea sindikatuak, ELA eta UGTrekin batera, protesta abiatu zuten pasa den hilabetean. Ekainaren 29an abiatu zituzten lanuzteak Metro Bilbao enpresako langileek, eta hirugarren astez, lanuzteak ari dira burutzen. Asteazkena, hilak 13, lanuzteen seigarren eguna dute, eta goizeko 06:30etatik 09:30etara egin dute lehen etena. Arratsalderako ere deitu dute lanuztea, 18:30etatik 21:30etara.

Ostiralean, eskema bera errepikatuz, lanuzte gehiago egingo dituzte. Aurreikusitakoaren arabera, lanuzteek ez dute etenik izango irailaren 16a arte, egun horretarako baitute iragarria azken lanuztea; orotara 22 lanuzte egun finkatu dituzte. Etenak egin bitartean, gutxieneko zerbitzuak %30ean finkatu dituzte.

Hitzarmen kolektiboaren negoziaketen harira ari dira protestan metroko langileak. Enpresak negoziaketak blokatuta dituela salatu dute sindikatuek, "beti ere, langileen arteko talka sortzeko asmoz", ELAren arabera. Lanuzteekin negoziaketaren desblokeoa lortu nahi dute. Salatu dute Metro Bilbao murrizketak egiten ari dela, eta besteak beste langileek erosteko ahalmena galdu dutela eta enpresak ez dituela ordutegi eta txandak aldez aurretik zehazten, langileen kontziliazioaren kaltetan. Hala azpimarratu du ELAk: "Besteak beste, Metro Bilbaok elementu erregresiboak ezarri nahi dizkie behin-behineko langileei; ez du koefiziente murriztailearen galera konpentsatu nahi, plantillaren zati bat beranduago erretiratzera behartuz; lan egutegiak malguak dira eta langileei azken momentuan jakinarazten zaie zeintzuk izango diren euren lan txandak, kontziliazioaren kaltetan; langileei funtzioak berriak inposatu dizkiete, alde bakarrez; eta bezeroarentzako arreta okertu dute -gero eta ikuskatzaile gutxiago dago erabiltzaileak laguntzeko-, beti ere, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kaltetan".

Lehen lanuzte egunaren ondotik, sindikatuek salatu dute enpresako zuzendaritza "lanuzteei buruzko datu manipulatuak helarazten ari dela, gutxieneko zerbitzuak sartzen baititu datu horietan", eta behin behineko langileek lanuzteak egin ez ditzaten "jarrera bortitza" izaten ari dela.