argia.eus
INPRIMATU
Pinudiak airetik oxido kuprosoz ez fumigatzea eskatu du Bilboko Mediku Zientzien Akademiak
  • 1895ean sorturik 120 urte baino gehiago dituen BMZA Bilboko Mediku Zientzien Akademiak gaur kaleratu duen agirian Euskal Autonomi Elkarteko agintariei eskatu die ez dezatela oxido kuprosozko fumigaziorik erabili gaitzak jotako pinudien gainean, lekuko herritarren osasuna eta ingurumena kaltetuko dituelako. Administrazioari eskatu diote basogintza iraunkorrago baterako trantsizioari ekin diezaiotela, aldi berean hondamendiak jo dituen pinuen jabeei ekonomikoki lagunduz. 

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 10a
Pinudiak airetik fumigatzen 2016an Bizkaian. (Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

BMZAk ohartarazi ondoren pestiziden erabilera kontrolik gabeak herritarren artean ezinegona pizten duela, gogora dakar ikerlan askok erakutsi dituztela botikok giza osasunaren gain dakartzaten kalteak. Bilboko medikuek zehazki nabarmendu dute Frantziako INSERM Osasunaren eta Ikerketa medikuaren Institutu Nazionalak berretsi duela pestizidok minbizien eta bestelako gaixotasunen ugaritzearekin zerikusia dutela.

Bilboko Medikuntza Zientzien Akademiak ohartarazi du ere Europako Parlamentuaren 2009/128/CE zuzentarauak agindu zuela pestizidez airetik fumigazioak egitea, baimenduz salbuespen batzuk egoera oso berezietarako eta beti ere inguruan jenderik bizi ez den parajeetan; EAE bezalako herrialde biztanlez bete batean azken baldintza hau ez da, noski, betetzen. Horregatik uste dute medikuek pinudiak airetik oxido kuprosoz fumigatzeak erremediorik gabe eragingo diela bertan bizi diren pertsona eta animaliei bezala urari, aireari eta ingurumenari.

Gogoratu arazi ostean Bizkaia eta Gipuzkoako lurrek mende laurden baino gehiagoz Dimilin pesitizidazko fumigazioak nozitu dituztela eta horrek gizakien osasuna eta ingurumena kaltetu dituela, BMZAk bereizten ditu oxido kuprosoa modu mugatuan erabiltzea –tomateak edo mahastiak tratatzeko, esate baterako– eta produktu bera modu masibo eta indiskriminatuan zabaltzea, bigarren kasu honetan inguruko organismoek barneratu dezaketelako eta gainera fumigazioen ondorioak pilatzen direlako. Oxido kuprosoak osasunean eragiten dituen kalteen artean medikuek nabarmendu dituzte eztarri eta biriketako sumindurak, diarreak, dermatitisak eta giltzurrunetan bezala gibelean eragin ditzaketen kalteak.

Hori guztiagatik BMZAk agintariei eskatu die ez dezatela oxido kuprosozko fumigaziorik erabili gaitzak jotako pinudien gainean, lekuko herritarren osasuna eta ingurumena kaltetuko dituelako. Administrazioari eskatu diote basogintza iraunkorrago baterako trantsizioari ekin diezaiotela, aldi berean hondamendiak jo dituen pinuen jabeei ekonomikoki lagunduz.