argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Langile Autodefentsa Sareko lau kide atxilotu ditu Espainiako Poliziak
  • Espainiako Poliziak Bilboko Langile Autodefentsa Sareko (LAS) lau kide atxilotu ditu gaur goizean eta polizia-etxera eraman dituzte deklaratzera. Limpiezas Arana garbiketa enpresarekin lotutako lan-gatazkaren aurrean LASek egindako salaketa publikoa egon daiteke operazioaren muinean.

Axier Lopez @axierL 2021eko otsailaren 22a
Elkarretaratzea egin dute Bilboko komisaldegiaren aurrean. Argazkia: Bilboko Autodefentsa Sarea

Goizeko 07 :30ak aldera azaldu da Espainiako Polizia LASeko lau gazteen etxean eta lanpostuan. Lauak atxilotu eta Bilboko Gordoniz kaleko polizia-etxera eraman dituzte. LASek azaldu duenez, oraindik ez dago argi zehazki zer dela-eta atxilotu dituzten, baina oso litekena da Limpiezas Arana garbiketa enpresarekin lotutako lan-gatazkaren harira gertatu izana.

Atxilotuetako bat enpresa horretako langilea izan da eta beste hiru atxilotuak lan-gatazka horren harira Ertzaintzak jarritako salaketa batean akusatuta daude, Limpiezas Aranaren jokaera salatzeko LASek egin dituen mobilizazioak direla-eta. LASeko kide batek ARGIAri azpimarratu dionez, “kontua da ea zergatik orain sartu den tartean Espainiako Polizia”. Izan ere, Ertzaintzaren salaketa horren ondorioz ostegunean deklaratu beharko dute gaur atxilo eraman dituzten bi lagunek.

LASeko kideek adierazi digutenez, eguerdian hasi da lehen atxilotua deklaratzen.

 “Limpiezas Arana, ordaindu zor duzuna

LASeko kideek abenduan eman zuten garbiketa enpresa horretako lan-gatazkaren berri. Gaur atxilotu duten langileak berak salatu zituen lan-baldintza txarrak eta enpresariaren aldetik jasotako erasoak, tartean irainak, estortsioa, soldata ez ordaintzea eta arrazoirik gabe kaleratu izana.

Limpiezas Aranak eta harekin kolaboratzen duten enpresen “esplotazio sistematikoa" salatu ditu LASek azken asteetan, baita langileari zor dioten dirua ordaintzeko eskatu ere.