argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Langile Autodefentsa Sareak lan-gatazka bat irabazi du Bilboko Alde Zaharrean
  • Bilboko Goienkale kaleko taberna batekin gatazka abiarazi eta bi astera, lortu dute jabeek exijitutako bi erreklamazioak betetzea.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko irailaren 01a

Astelehenean argitaratutako oharraren bidez, lan-gatazka bat irabazi berri duela jakinarazi du Bilboko Langile Autodefentsa Sareak. Azaldu dutenez, orain bi aste abiatu zuten gatazka Alde Zaharreko Goienkale kaleko taberna batekin. Bertako langile izandakoak sarera jo zuen bidegabeko kaleratzea pairatu eta gero. Sarearen hitzetan, kaleratzeak langilea “erabateko babesgabetasun egoeran” utzi zuen “COVID-19ak sakondutako krisiaren testuinguruan”. Izan ere, lanean ari zela langileak lan kontratua hainbatetan eskatu bazuen ere, ez zuen halakorik lortu eta kontratu faltak eskubide gabe utzi du langabezia edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea jasotzeko.

Langileak eta Langile Autodefentsa Sareak abiatutako gatazka medio, tabernako jabeei bi erreklamazio betearazi dizkiete: bidegabeko kaleratzea eta langileari zor zizkioten bestelako ordainketa batzuk –oporrak, kasu– ordaintzea batetik, eta konfinamenduan kaleratzeagatik kalte-ordainak luzatzea bestetik. Bigarren erreklamazioa betearaztea lortu izanak “etorkizuneko borroketarako aurrekaria” ezartzen duela deritzo sareak.

“Garaipen berri honekin klase elkartasunaren eta instituzio burgesekiko antolakuntza autonomoaren garrantzia eta eraginkortasuna nabarmentzen ditugu. Berriro ere frogatua geratu da borrokak kolektibizatuz garaipena guztiona dela”, egin du irakurketa sareak.

Ez da Bilboko Langile Autodefentsa Sareak irabazi duen lehen kasua. Ekainean ere garaile atera ziren Deustuko taberna batekin abiarazitako gatazkatik.