Bilboko Udalak zerbitzu publikoak pribatizatzen jarraitzen duela salatu du Bilboko Liburuzainen kolektiboak, besteak beste, kulturari loturiko zerbitzuak. Horren harira, mahai-ingurua antolatu dute martxoaren 3an Bidebarrieta liburutegian, Kulturaren pribatizazioa izenburupean.
Azken urteetan Bilbon kultur zerbitzu publikoak pribatizatzeko prozesu bat abian dagoela ohartarazi du Bilboko Liburuzainen kolektiboak. Berrikitan Alondegiko eraikinean arte eszenikoen esparruarekin gertaturikoa ekarri du gogora, esaterako. Gune hori La Caixa Fundazioaren eskuetan utzi du Bilboko Udalak, eta horrek eragin du eraikinean dagoen Azkuna Zentroaren zuzendari Fernando Pérezek dimisioa ematea.
Esperantza pilotalekuko liburutegiaren eta bertako gazte eta haurrentzako zerbitzuaren pribatizazioa da, kolektiboaren aburuz, prozesu horren beste adibide garbi bat. Bilboko Alde Zaharreko kultur ekipamendua duela urtebete inauguratu zuten, eta hasieratik haren kudeaketa esku pribatuetan utzi zuen Juan Mari Aburtoren udal gobernuak.
Udan bi hilabetez itxita
Eraikin horren kudeaketa-eredu pribatua salatzeko, mobilizazio eta protestak egin izan dituzte, udal langileen batzordeak deituta. Inaugurazio egunean bertan, Bilboko udal liburutegien sareko langileek elkarretaratzea egin zuten, euren ustez Bilboko herritarren kultur eskubideen “merkantilizazioa” suposatzen duelako pribatizazioak, eta lan prekaritatea ere ekarriko duelako.
Bihotzean Zazpi Kaleetako auzo elkarteak ere kezka agertu du Esperantzako eraikinak eskaintzen dituen zerbitzu eskasak direla eta. Esaterako, haurrentzako liburutegiak neguan ordutegi murrizketa jasan du, eta uda sasoian bi hilabetez erabat itxita egon da. Pribatua izanik, ordea, Bilboko gainerako liburutegien azpiegiturak eta aurrekontua “baliatzen” dituela salatu dute. Horregatik, eskatu dute udalak “zuzenean” kudeatzea zerbitzu hori.
Haurrentzako liburutegiak neguan ordutegi murrizketa jasan du, eta uda sasoian bi hilabetez erabat itxita egon da. Pribatua izanik, ordea, Bilboko gainerako liburutegien azpiegiturak eta aurrekontua “baliatzen” dituela salatu dute
Eraikinaren kudeaketa Hazian Kultur Elkartea enpresari eman zitzaion 302.000 euroren truke. Eusko Alkartasunak publikoki adierazi duenez, EAJren “asoziazio pantaila” bat da enpresa hori, eta “entxufismo politikoa” dago esleipenaren atzean. Ahoztar Zelaieta kazetariak El Salto agerkarian idatzi duenez Hazian Kultur Elkartea EAJko kide eta kargu politiko ohiez osaturik dago.
“Berriro ere barre egin digute”
Urtarrilaren 30ean Bilboko Udalbatzak egindako osoko bilkuran, Bihotzean elkarteak eta Bilboko Liburuzainen kolektiboak proposamen bat eztabaidatu nahi izan zuten, Esperantza eraikineko zerbitzuen kudeaketa berriz ere publikoa izan dadila eskatzeko. Baina ezin izan zuten halakorik egin, udal gobernuak mozioa aldatu zuelako, lizitazioa bi urte gehiagoz luzatu dela argudiatuta.
Auzotarrek proposamen bat eztabaidatu nahi izan zuten Bilboko Udalbatzako osoko bilkuran. Baina udal gobernuak mozioa aldatu zuen, enpresa pribatuari lizitazioa bi urtez luzatu zaiola argudiatuta
Auzotar eta liburuzainek udal gobernuaren jokabidea eta “betoa” gogor kritikatu dituzte: “Auzokideok kalitatezko zerbitzu publikoak merezi ditugu. Aisialdirako eta formakuntzarako instalazio estaliak behar ditugu. Alde Zaharreko auzokideok errespetua merezi dugu. Gaur berriro ere barre egin digute”, salatu zuen auzo elkarteak sare sozialetan.
Mahai-ingurua, ondorio latzez ohartarazteko
Kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzeko ekimenen barruan, datorren astelehenean, martxoaren 3an, arratsaldeko 19:00etan mahai-ingurua antolatu du Bilboko Liburuzainen kolektiboak Bidebarrieta Liburutegian, Kulturaren pribatizazioa izenburupean. Ahoztar Zelaietak eta Haizea Barcenillak hartuko dute parte.
“Bada garaia kultur zerbitzuen pribatizazio horien inguruan bilbotarrekin hausnarketa partekatua egiteko –diote liburuzainek–, baita horrek ekarriko dituen ondorio latzez ohartarazteko ere”.