Luberri Konpartsak salatu du Mugimendu Sozialistarekin duen harremanagatik debekatu diola Bilboko Konpartsen Federakundeak parte hartzea, eta dei egin dio "erabakia birpentsatu" dezan. Ezker Abertzalea seinalatu dute ezarritako debekuaren "erantzule politiko" gisara.
Luberri Konpartsak asteartean eman du azken asteotan Aste Nagusiko Jai Batzorde motorrean eta konpartsa guztien koordinadoran hartu diren erabakien berri, sare sozialetan zabaldutako oharraren bidez. Luberriri Bilboko Konpartsen Federakundeak sarrera debekatu izana salatu dute, eta horren arrazoia “Mugimendu Sozialistak bertan duen parte-hartze aktiboa” izan dela adierazi. Ezker Abertzalea seinalatu dute “erantzule politiko” gisara eta Luberriren sorreratik euren kontrako “difamazio kanpaina” aurrera eramatea leporatu diete, baita konpartsen “barne-erabakiak baldintzatzea” ere.
Ia urtebete igaro da Luberrik Bilboko Konpartsen Federakundean sartzeko eskaera egin zuenetik. Hala, maiatzeko konpartsen koordinadoran eztabaidatu zuten Luberriren sarrera, oharrean adierazi dutenez: “Gehiengoak Luberriren sarreraren aldeko iritzia adierazi zuen. Hori ikusita, Ezker Abertzaleak eztabaida blokeatu zuen, erabakia gehiengoz hartu ordez kontsentsuz hartu behar zela argudiatuta”. Hori dela eta adostu zuten erabakia atzeratzea eta bitartean Luberrirekin “elkarlan-harreman” bat abiatzea. Ordutik, Luberri Konpartsako kideek adierazi dute Bilboko Konpartsen egitarauetan parte hartzen, txandak egiten eta hainbat konpartsekin harremana estutzen aritu direla, “eskatutako guztia betez”.
Egoera ikusita, Ezker Abertzaleak euren aurkako "difamazio-kanpaina indartu" izana salatu dute, aldeko bozkak "aldatzeraino iritsiz" eta Luberriren sarreraren aldeko konpartsak "presionatuz". Hala, behin-betiko erabakia hartzeko bozketa egitean ezezkoa gailendu da.
Baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidea
Debeku horren aurrean, Luberrik gainontzeko konpartsen baldintza berdinetan parte hartzeko eskubidea defendatzen jarraituko duela adierazi du: “Luberrik Bilboko Konpartsen estatutuetako irizpide guztiak betetzen ditu, eta erabakia hartzeko momentuan, ez direla maiatzean hasitako elkarlan-harremanaren balorazioan oinarritu salatu nahi dugu”. Bestetik, Luberriri leporatu zaion “izaera erasokorra” gezurtatu dute, horren adibide jarriz “orain arte Bilboko konpartsa, asanblada zein gaztetxeekin eramandako elkarlana”.
Egoera honetan, Luberrik eskerrak eman dizkie azken egunotan “debekuaren kontra” egin duten konpartsa eta norbanakoei eta “elkarlanerako prest” jarraitzen dutela berretsi dute. Hori dela eta, dei egin die Bilboko Konpartsen Federakundeari erabakia “birpentsatu” dezan: “Luberritik beto politiko hau altxatzen laguntzeko lanean jarraitzera bultzatzen zaituztegu: Bilboko Konpartsen eta Aste Nagusiaren aniztasuna eta izaera parte hartzailea daude jokoan”.