argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Konpartsen egitaraua ia osorik debekatuko du udalak
  • Juan Mari Aburto Bilboko alkateak aurreratu duenez, Bilboko Konpartsek ostiralean aurkeztu behar zuten Bilboko Irria egitarau kulturaleko ekitaldi gehienak ez ditu baimenduko, Aste Nagusiaren "alternatiba argia" direlakoan.

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 19a

Bilboko Jai Batzordeak aurten ere jairik ez ospatzea erabaki ostean, Konpartsek iragarri zuten Bilbok "irribarrea berreskura" dezan ekitaldi kulturalen egitarau herriko bat prestatuko zutela. Ostiralean aurkeztu behar zuten egitaraua eta abuztuko azken astean, 25etik 29ra, ziren egitekoak ekitaldiak.

EITBk jaso duenez, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du ez duela ekitaldien gehiengoa baimenduko. Izan ere, Aburtok adierazi du udalak ez dituela pertsona pilaketak eragiten dituzten egoerak onartuko, eta "gizalegearen aurkako jarrerekin" zero tolerantzia izango dutela ohartarazi du.

"Bilbon aurten ez dago Aste Nagusirik, ezta ez-jairik ere", gogorarazi du Aburtok, eta konpartsen egitaraua "jarduera multzo bat" beharrean Aste Nagusiaren "alternatiba argia" dela uste duela. Beraz, aurreratu duenez, Bilboko Konpartsak ostiralean argitaratzekoak ziren egitarauko bost ekitaldi baino ez ditu baimenduko udalak: "Haurrentzako ikuskizun bat Plaza Berrian; haurrentzako tailerrak Gas Plazan; rol jolasak eta irrati maratoi bat Tingladuetan; eta igel-toka eta tiragoma jokoak Arriaga Plazan".