argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Konpartsek ere aldarrikatu dute ez dela betorik, MSren salaketen aurrean
  • Lehengo astean Gasteizko Txosna Batzordeak egin bezala, Bilboko Konpartsen federazioak ere erantzun egin dio duela bi aste 150 kulturgilek sinatutako manifestuari. Bertan, Bilboko Konpartsetan eta Gasteizko Txosna Batzordean Mugimendu Sozialistari parte hartzen uzteko publikoki eskatu ostean, Konpartsek bere erabakia defendatu dute ohar baten bidez. Funtsean, 27 konpartsaz osatutako asanbladak gehiengoz hartutako erabakiaren zilegitasuna aldarrikatu dute. “Inoiz ez ditugu konpartsen erabakiak zalantzen jarriko eta ez dugu horietan esku-sartzerik onartuko”, adierazi dute.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2024ko ekainaren 10

“Bilboko Konpartsak Federazioa bilbotar guztientzako jai herrikoi, parte-hartzaile eta anitzak bultzatzeko helburuarekin sortu zen. Askotariko mugimenduen aterpe heterodoxoa izan da beti, eta izango da. Azken hilabeteetan, nolanahi ere, hori zalantzan jarri nahi izan du Bilboko Konpartsen barne mailako kontu batek: Federazioaren kide izateko Luberri konpartsaren eskaerari azaroan emandako ezezkoaren aurrean izan diren akusazioak”. Horren aurrean, zenbait ideia nabarmendu nahi izan dituzte.

Batetik, erabakia modu kolektiboan hartu dutela 27 konpartsaz osatutako asanbladan, estatutuek ezarritako prozeduraren baitan. Federazioan konpartsa berri bat onartzeko aurrez zehaztutako prozedurak dauzkatela gogorarazi dute, urrats, epe eta baldintza zehatzak adostuta.

Azaldu dute 2023 urtearen hasieran Luberri izeneko taldeak sarbide eskaera egin ziela eta konpartsa berri guztiei eskatzen zaizkien baldintzak eskatu zizkietela. Horien artean ziren, konpartsa zirela erakusteko, kide kopuru jakin bat izatea; Bilboko Konpartsen balioekin bat egiten dutela erakustea; eta Bilboko Konpartsen federazioaren “eremu anitz eta parte-hartzailean aritzeko gai direla erakustea”. Konfiantzan oinarritutako “barne harreman onak eta denetariko iritziak dituen jendearekin elkarlanean aritzeko gaitasuna erakutsi behar zuten”, adierazi dutenez.

Azaldu dutenez, 2023ko azaroan egin zuten urteko batzar orokorrean, konpartsa guztietan gaiaz hitz egin ostean, erabaki zuten “momentuz ez zirela betetzen baldintzak”. Jakinarazi nahi izan dute, konpartsa bakoitzak bere ikuspuntua eta arrazoiak adierazteko aukera izan zuela.

Ez zituztela konpartsa bezala onartuko jakinarazi ostean, Bilboko konpartsen edozein jardueratan parte hartzea librea izanik, horretara animatu zituztela adierazi dute. “Azaroko Asanblada Orokor hartan erabakitakoaren arabera, ulertu genuen bidea hori izango zela: elkar ezagutzea, espazioak partekatzea, jaiak elkarrekin gozatzea… Eta Luberriren esku geratuko zela, nahi bazuten, Federazioan sartzeko eskaera berriro egitea, berriro aztertua izan zedin. Azaroko asanblada harez geroztik, ez dugu jaso Luberriren aldetik beste sarbide eskaerarik. Horren ordez, berehala, beto akusazioa jaso genuen haien partetik”.

Luberrik beren aurkako salaketa egin zuenean, Bilboko Konpartsen federazioak ez zuen adierazpenik egin nahi izan hedabideetan. Gaia modu pribatuan landu izan dutela azaldu dute, "gatazka ez elikatzeko". Azken asteetan ordea, erantzun publiko bat emateko beharra sentitu dutela adierazi dute.

Betoa ukatzen dute

Bilboko Konpartsen partetik jarritako balizko betoa aipatzen da maiatzaren 28an 150 kulturgilek publiko eginiko manifestuan. Sinatzaileen artean dira Joseba Sarrionandia, Itziar Ituño, Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Mireia Gabilondo edo Amets Arzallus besteak beste. “Guk erabat ukatzen dugu hori”.

“Bilboko Konpartsetan kide gehiago onartzea federazioaren erabaki burujabea da. Horrek ez du esan nahi jai herrikoietan parte hartzeko betorik dagoenik, ez ditugu akusazio horiek onartzen. Bilboko Konpartsak ez dira barra bat muntatzeko baliabide soila, hori egiteko beste hainbat aukera eta esparru daude”, zabaldu dute. Konpartsen federazioa ideologia anitzeko proiektu sozialak sostengatzen dituzten konpartsen elkargunea dela adierazi dute, hala nola, feminismoa, euskaltzaletasuna, antiespezismoa, antimilitarismoa eta hainbat auzotako konpartsak, besteak beste. Minduta azaldu dira, sinatzaileetatik inor ez zelako beraiekin harremanetan jarri, beren ikuspuntua jakiteko.

“Batzuetan asmatu eta beste batzuetan erratu egin gaitezke, baina ez dugu inoiz onartuko zalantzan jartzea gure autonomia, geure kideek erabakiak hartzeko eskubidea eta Federazioaren aniztasuna. Harro gaude eztabaida luzeak izan dituen eta kontraesanak gainditzeko eta egoera eta errealitate bakoitzera moldatzeko gai izan den gure Federazioaz”, adierazi dute elkarlanean jarraituko dutela “elkarlan osasungarrirako eta borondatea eta prestutasuna erakusten duten eragileekin”.

Bilboko Konpartsak 1978an sortutako herri mugimendua da eta gaur egun ondorengo 27 konpartsak osatzen dute, beren webgunean ikus daitekeenez: Aixeberri, Algara, Altxaporrue, Askapeña, Bizizaleak, Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau, Hontzak, Hor dago!, Kaixo, Kaskagorri, Kranba!, Mekauen, Moskotarrak, Pa...Ya!, Pinpilinpauxa, Piztiak, Satorrak, Sinkuartel, Tintigorri, Trikimailu, Txinbotarrak, Txomin Barullo, Txori Barrote, Uribarri eta Zaratas.