Udaletxearekin duten harremana guztiz aldatu dela eta iaz ez bezala, "konpartsen festa ereduaren aurkako erasoak" jasan dituztela salatu dute. Besteen artean, manteroen aurkako erasoak, propaganda politikoa kentzea eta kalez jantzitako polizien mehatxuak salatu dituzte.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartu duen ekintza gastronomiko batera jo dute Bilboko Konpartsek, Aste Nagusian udaletxea edukitzen ari den jarrera salatzeko. Udaletxeak festa eredu herrikoi, parte-hartzaile, feminista eta euskaldunaren aurka "estrategia politiko jakin bat" martxan jarri duela azaldu dute. Bide batez, jasaten dituzten erasoen salatzeko deia luzatu diete bilbotarrei.
Hainbat eraso salatu dituzte, haien ustetan "modu isolatuan ulertu ezin" daitezkenak. Txupinazoan txupinera, pregoilaria eta festa batzordeko kideak Arriaga antzokira sartzean miatu eta txupinak kendu zizkietela azaldu dute. "Tentsio poliziala" medio, bi kide kanpoan geratzera behartuta egon ziren.
Hurrengo egunean, Aste Nagusiaren bigarrenean, udalak adierazpen-askatasuna urratu zuela argitu dute: "Euskararen eta manteroen aurkako erasoen aldarrikapenak kendu zituzten, eta SOS Arrazakeria plataformak azaldu digu manteroen aurkako erasoak errepikatu egin direla".
Igande gauean gertatutakoaren berri ere eman dute: bi pertsona Kranba konpartsaren aurkako erasoak errepikatzen ari ziren, konpartsakideak gelditzeko esatera joan ziren eta hauek berriz oldarkor erantzun zieten: "Uniformea jazten dudanean bizitza jasangaitza egingo dizut, hil egingo zaitut". Horren ostean, pertsona horietako bat Polizia gisa identifikatu zen, eta ohartzerako istiluen aurkako polizia gerturatu zela azaldu dute.
Azpian Konpartsek egin duten ekintza: