argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Konpartsek bertan behera utzi dute “Aste Nahasia”
  • Bilboko Aste Nagusia ordezkatzeko konpartsen egitarau alternatiboa bertan behera uzteko erabakia astelehen gauean hartu zuten aho batez.

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 11
Argazkia: Bilboko Konpartsak

Bilboko jaietako konpartsen koordinatzaileak, Bilboko Konpartsek, "jarduera ludiko eta kulturalen programa xumea" gauzatzeari uko egin dio. Maiatzean koronabirusaren osasun krisiaren ondorioz bertan behera geratu zen Aste Nagusiko egitarau ofizialaren ordez proposatu zuten "Ate Nahasia" delakoa.

Bilboko Konpartsek astearte honetan jakinarazi dutenez, ekitaldi alternatiboak bertan behera uzteko erabakia astelehen gauean hartu zuten, "bizi dugun egoerak baldintzatuta" eta “eragile guztien adostasunarekin”. Bizkaian eta Bilbon izaten ari diren koronabirus bidezko kutsatzeen berragerpenei erreferentzia egin diete.

Koordinakundeak gogorarazi duenez, abuztuaren 22an hasi behar ziren ekitaldi alternatiboak programatzean, "parte-hartzaileen osasuna bermatzeko neurri sanitario zorrotzenak" bultzatu zituen, baina azkenean, "COVID-19k Bilbon eta Euskal Herrian izan duen hedapen handiaren aurrean, jende kopuru txikienaren etorrera ere ez sustatzea" erabaki du.

Bestalde, konpartsek Bilboko Udalaren "inposaketak" eta erakundeak bere programa alternatiboa egiteko jarri dituen "oztopoak" kritikatu dituzte, "jardueren baimenak erabat baldintzatu dituztelako".

"Herri honek irribarrea, ilusioa, itxaropena eta festarako nahia" behar dituela azpimarratu dute konpartsek, baina uztailean ohartarazi zutenez, "ZIUak bete gabe”. Ondorioz, "osasun irizpideak, prebentzioa eta elkar zaintzea" lehenetsi dituzte, festarako gogoaren aurrean.