argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Konpartsak Ekhi txanponarekin bat
  • Bilboko Konpartsok Ekhi bertako txanponaren ekimenarekin bat egin dugu, 2014 urteko Aste Nagusitik modu progresiboan txanpon hau ordainketa-modu bezala onartuz.

Uriola.eus @uriolaeus 2014ko uztailaren 02a
Konpartsen prentsaurrekoa. Arg: Uriola.

Aurten, jadanik, txanpon honen erabiltzaileek konpartsen txosna gehienetan eta Bilboko Konpartsen ekimen guztietan Ekhia erabili ahal izango dute ordaintzeko modu bezala.

Bilboko konpartsak Aste Nagusitik jaio ginen, eta Aste Nagusia Bilboko konpartsetatik jaio zen. Ordutik, urtez urte jaiak antolatu eta hobetzeari ekin diogu, baina ez edonolako jaiak, baizik eta baloreetan aberatsak diren jaiak, herrikoiak, partehartzaileak, parekideak, ekologistak, euskaldunak..., bere inguruaren berezitasunei, kezkei, pertsonei... lotuta daudenak.

Asko izan dira zentzu honetan urteotan bultzatu ditugun ekimenak, eta oraingoan ere, bertoko ekonomiarekin eta gizartearekin dugun konpromisoarekin bat etorriz, Ekhi txanponaren ekimenarekin bat egitea erabaki dugu, bertoko komertzioa eta ekoizleak bultzatzea eta bertan aberastasuna sortzea bilatzen duena, bidezkoagoa eta jasangarriagoa den ekonomia batean oinarrituz, konpartitzen ditugun hainbat balore sustatzen dituen bitartean: komunitate-bizitzaren garrantzia, herritarren parte-hartzea, gizarte-justizia, ekologia, feminismoa, hizkuntza, kultura...

Albiste hau Uriola.info gunetik ekarria da CC lizentzia libreei esker. Originala hemen.