argia.eus
INPRIMATU
Bilboko kaleek ozen oihukatu dute: Harro ez da Pride!
  • Harro plataformak deituta Bilboko kaleak bete dituzte milaka lagunek, EPOA (European Pride Organisers Association) hiriburuan egiten ari den kongresuaren aurrean protestatzeko. Pinkwashing-a eta kapitalismo arrosa salatu, eta aldarri LGTB eta antikapitalistak ozen entzun dira Bilboko kaleetan.

Topatu.eus @topatu_eus 2019ko irailaren 23a
Argazkia: Topatu.eus.

Harro, Euskal Herrietako transmaribibollo plataformak deituta, milaka lagun elkartu dira irailaren 21ean Bilbon, EuroPride egitasmoaren aurka. Arriagatik Kasildarainoko bidea kolorez, oihuz eta aldarriz bete dute, EPOA hiriburuan kongresua egiten ari den bitartean.

Arriagatik abiatu eta Kasildarainoko bidea egin dute manifestariek "Antikapitalista", "Harro ez da Pride" eta "Ez gaude salgai" oihuekin Bilboko kaleak betez, eta EPOAren kongresua egiten ari zen lekuaren parean amaitu dute. Bertan egin dute hitzartze nagusia, eta greban dagoen Bizkaiko Metaleko intersindikaleko ordezkariei ere eman diete hitza. Beraiek mobilizatu dira goizean, eta borroken aliantzak bilatuz bertan izan dira Harroko kideak ere.

Pride eta antzeko egitasmoek LGTB mugimendua despolitizatu eta helburu kapitalista hutsekin erabiltzea salatu nahi izan dute mobilizazio honekin, eta horren aurrean LGTB mugimendu antikapitalista, antiarrazista, antifaxista eta gorputz eta identitate disidenteak aldarrikatu dituzte. Borroka hau hasi besterik ez dela egin eta kaleak hartzen jarraituko dutela ere adierazi dute plataformako bozeramaileek.