argia.eus
INPRIMATU
Bilboko kale berri guztiek emakume izena izango dute hemendik aurrera
  • Egun, Bilboko 900 kale baino gehiagotatik 28k baino ez dute emakume izena, %3ak besterik ez.  Hori aldatzeko erabakia hartu du Bilboko udalbatzak.

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 30a
Bilboko udaletxea. Argazkia: Eitb.eus

Bilboko 900 kaleetatik 28k baino ez dute emakume izena eta egoera hori aldatzeko, Bilboko udal gobernuak (EAJ-PSE) eta Elkarrekin Podemosek negoziatutako mozio bateratua onartu du. EH Bilduk eta PPk ere babestu dute proposamena eta hemendik aurrera hirian sortuko diren kale, plaza, etorbide eta bestelako azpiegitura berri guztiek emakume izena izango dute.

Oihane Agirregoitia (EAJ) Hiritarren Arreta eta Partaidetzarako zinegotziak azpimarratu du, 2016tik egindako 9 bide izendapenetatik zortzik emakume izena dutela. Kale berriak izendatzeko, alkateak herritarren ekarpenak onartuko dituela adierazi du.

EH Bilduk zuzenketa propioa aurkeztu du eta hor "mugimendu feminista" ere kontuan hartzea eskatu du. Alderdiaren proposamenak kale berri batzuek indarkeria matxistak hil dituen emakumeen izenak izatea jasotzen du, biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko modu gisa.

"Badakigu urrats txiki bat baino ez dela, garapen urbanistiko berrien ondorioz, inoiz ez da posible izango parekotasunera ehunekoetan islatzera. Nolanahi ere, ekimen honekin emakumeenganako iraina saihesten lagunduko dugu, neurri batean bada ere", azaldu du Elkarrekin Podemoseko zinegotzi Carmen Muñozek.