argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Kafe Antzokiak ateak irekiko ditu ostegunean, pandemia hasi zenetik lehenbizikoz
  • "Dantza dezagun berriro" aldarri eginez dator Bilboko Kafe Antzokia. Iazko martxotik itxita egon ostean, ostegunean irekiko ditu ateak.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 06a
Argazkia: Bilboko Kafe Antzokia

Hemeretzi hilabate eman ditu ateak itxita Bilboko Kafe Antzokiak, pandemia tarteko iazko martxoaren 12an pertsiana jaitsi baitzuen. Oraintsu arte ez dute antzokia berriz irekitzeko aukera ikusi, iritzirik ez zirela horretarako gutxieneko baldintzak betetzen. Alabaina, LABI desegin eta neurri murriztaile gehienak indargabetu ondotik -ordutegiari eta edukierari dagozkienak bertan behera utziz-, berriz ateak zabaltzeko baldintzak betetzen zirela ondorioztatu dute.

Hala bada, ostegunean irekiera ekitaldia egingo dute, "Dantza dezagun berriro" lelopean. Antzokia 22:30etatik 04:30etara egongo da zabalik, eta Dj Bull-ek girotuko du musikarekin gaua. Sarrera doakoa da, baina iragarpena egin eta ordubetera agortu dira guztiak, jendeak web-orriaren bidez erreserbak egin baititu.

Asteburuan ere egongo da bertaratzeko aukera, ostiralean zein larunbatean irekiko baitute antzokia, 22:30etatik 06:00etara. Sarrerak kafeantzokia.eus web-orrian erreserbatu daitezke.