Abuztuaren 25etik 29ra bitartean egingo dituzte Bilboko Irria jardunaldi kulturalak. Konpartsek bertan behera utziko dituzte ekitaldi batzuk, antolakuntzarako behar dituzten “balio handiko” gauzak ebatsi dizkietela atzeman ondoren.
Bilboko Irria kultur jardunaldiak antolatzeko beharrezkoak diren hainbat bitarteko lapurtu dizkietela salatu dute Konpartsek. Besteak beste, kontzertuak, tailer gastronomikoak, krosa eta Bilboko eragileen azoka martxan jartzeko beharrezkoak diren gauzak bota dituzte faltan. Jardunaldietarako panelak eta beste hainbat baliabide ez dizkiete lapurtu, aparte gordeta zituztelako.
Mari Paati Bilbao konpartsakideak azaldu duenez, oraindik inbentarioa egiten dabiltza, baina “balio handiko kontuak” dira ostu dikietenak. Horregatik, abuztuaren 25etik 29ra bitartean egingo duten Bilboko Irria jardunaldietarako aurreikusitako hainbat ekintza utzi beharko dituzte bertan behera.
“Lapurrek irria zuten helburu, Bilboko Irria ebastea”. Halere, Konpartsak itxaropentsu agertu dira, eta egoerari aurre egingo diotela adierazi dute: “Baiezta dezakegu, irri-lapur horiek ez dutela lortu gure irria eramatea, ondo gordeta baitaukagu, bilbotar denei eskaintzeko prest”.
Konpartsek gertatutakoa ikertzen jarraituko dute. Informazio guztia bildu ondoren, abuztuaren 20rako agerraldi bat deituko dute Bilbon. Orduan iragarriko dute Bilboko Irriaren programaziotik zein ekitaldi mantenduko dituzten.