Orain dela bi aste inguru okupatu zuten hutsik zegoen eraikin bat Bilboko Irala auzoko gazte asanbladako kideek. Ostegun goizean, ordea, Udaltzaingoa lokalaren jabearekin agertu eta desalojatu egin dituztela jakinarazi dute gazteek.
Maiatzaren 19an, larunbata, okupatu zuten Iralako gazte asanbladako kideek hamabost urtez hutsik zegoen lokal bat. Hala ere, gaur goizean desalojatu dituzte.
Ohar informatibo baten bidez adierazi dutenez, desalojoaren aurrean Bilboko Irala auzoko gazteek auzoan lanean jarraituko dute espazio baten faltan bada ere: “Gure proiektu, gure nahiak, gure ideiak burutzeko asmoarekin eta auzoarekiko dugun konpromisoarekin ez dugu etsiko”.
Irala auzoan gazteentzako zein auzokideentzako espazio hutsak berreskuratzen jarraituko dutela aldarrikatu dute, koloreztatzearen aldeko apustua egingo dutela gaineratuz.