argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Ibarrekolanda ikastetxeko zuzendaritzak erabaki du ikasleak ez geletara itzultzea
  • Bilboko Ibarrekolanda BHI (batxilergoa) ikastetxeko zuzendaritzak planto egin du Eusko Jaurlaritzak gelatara itzultzeko hartutako erabakiaren aurrean. Maiatzaren 8an zuzendaritzak komunikatua zabaldu du ikasgelara ez itzultzeko argudioak emanaz: "Maiatzaren 18tik aurrera horrelako ardura onartzea gure gaitasun profesional, personal eta moraletatik kanpo geratzen dela uste dugu". Osasuna bermatzeko baliabiderik ez dutela argudiatzeaz gain, ikasleak geletara itzultzeak zentzurik ez duela azaldu du, oso egun lektibo gutxi geratzen baitzaizkie.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 11

Komunikatuaren hasierak honela dio: "Atzo komunikabideen bidez geletara bueltatzeko berri izan genuen. Hiru ordu lehenago, gure erreferentziazko ikuskariak ere ez zeukan horren berri". Eta: "Hartutako neurriak ikastetxeetako zuzendaritza taldeekin adostuta egon beharko lirateke. Ez dute gure iritzia kontutan izan eta itxialdi osoan ez gaituzte ezertarako konsultatu".

Irakasleen osasuna eta segurtasuna bermatu ezin

Ibarrekolanda ikastetxeko zuzendaritzak adierazi du Hezkuntza Sailak ikastetxeen esku utzi duela osasuna eta segurtasuna bermatzea eta haien gaitasunetatik kanpo dagoela: "Hezkuntza Departamentuak geletara bueltatzean ikasle, irakasle eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko ardura zuzendaritza taldearen, irakasleen eta langileen esku uzten du. Gure ustez horrelako ardura gure gaitasunetatik kanpo dago, izan ere, ezin dugu bermatu guzti horren antolakuntza". Gaineratu du, zuzendaritzak "moralki" ezin diela irakasleei geletara bueltatzea exigitu: "Kontutan izan behar da, irakasle asko COVID delakoarekiko bereziki sentikorrak direla, arrisku egoeran daudela edo arriskuan dauden pertsonekin bizi direla. Gure osasuna arriskuan jartzen da, gure artean gaixorik egon diren irakasleak badaude". Gehitu du ez dutela garbitzaile nahikorik "erabiltzen diren espazioen etengabeko desinfekzioa eta garbiketa egokia egin ahal izateko".

Ikasleen arteko distantzia bermatzeko beste lekurik ez ikastetxean

Ikasleak geletara bueltatzera behartzea ez dute ongi ikusten: "Gure ikastetxean ezin dugu ikasleen artean 1,5m-ko distantzia segurtatu ez geletan, ez pasiloetan, ez komunetan ezta patioan ere ez". Galdetu dute geletan gehienez 15 ikasle egoteko neurria betetzeko irakasle gehiago izango al dituzten ikastetxean: "Gelako 15 ikasle gehienez egon behar dutela proposatzen da eta gure ikastetxean gela guztietan ikasle kopurua hori baino handiagoa da, batxilergoan talde guztietan ia bikoiztu egiten da. Neurri honek irakasle kopurua bikoiztuko dela esan nahi du, presentzialki ikasle guztiak atenditu ahal izateko?".

Gainera, zuzendaritzak adierazi du familiek erabaki dezaketela egoeran honetan ez bueltatzea, eta kasu horretan ez zaiela arreta bermatuko etxean geratzen direnei.

Ikasleak geletara itzuli, aste bakarrerako?

Batxilergoko 2. mailakoak maiatzaren 18an itzultzea erabaki du Jaurlaritzak, baina Ibarrekolanda ikastetxeak adierazi du haien ikastetxean maila horretako ikasleentzat azken egun lektiboa maiatzaren 19a dela. Antzera gertatzen da Batxilergoko 1. mailarekin: Jaurlaritzak maiatzaren 25ean geletara itzultzea agindu du, eta Ibarrekolandan maiatzaren 29an dute azken egun lektiboa.