Bilbon, ligatzeko aplikazio bidez gizon homosexualekin hitzordua egin eta ondoren hil egin dituen erasotzaileak alarmaz gain haserrea piztu du LGTBI+ kolektiboan, hainbat hedabidek aferari eman dioten trataeragatik, hildakoak berriz biktimizatzeagatik, egoeraren larritasunari eman zaion erantzun apalagatik, instituzioen isiltasunagatik…
Iazko irailetik urrirako tartean, gutxienez lau gizon hil zituen erasotzaileak Bilboko Alde Zaharrean, ligatzeko aplikazioen bidez biktimen etxean geratu ostean. Beste lau heriotza ere ikertzen ari da Ertzaintza, sekretupean. Erasotzailea identifikatuta du Poliziak, baina ez dakite non dagoen. Hasieran naturaltzat hartu zituzten heriotzak, baina biktimetako baten anaiak altxatu zuen erbia, hilda zegoen anaiaren kontu korrontetik norbait dirua ateratzen ari zela konturatu zenean. Autopsia egin eta hildakoari estasi likidoa eman ziotela aurkitu zuten orduan.
“Erantzun eza homofobia da”
Aferak kritika ugari jaso ditu, dela zaurgarria den kolektiboko jendea hiltzen ari diren heinean instituzioetatik salaketa garbia espero zuelako hainbatek, dela gizartean oihartzun eta protesta irmoagoa eskatu duelako askok, dela hedabide batzuek heriotzen eta biktimen inguruan informazioa emateko izan duten modua biktimak berriz ere biktimizatzea ekarri duela iruditu zaiolako hainbati.
Hala laburbildu du sare sozialetan Eneko Ander Romero ikerlariak: “Gure bizitzek ez dute baliorik. Ez dugu elkartasuna merezi. Guk geuk bilatu dugu aplikazio horiek erabiltzeagatik, gure ‘bizitza ereduagatik’. Kendu ‘gay’ eta sartu beste edozein hitz; instituzioak, alderdiak eta mundu guztia mezuak bidaltzen egongo zen! Ah, baina maritxuekin… Oraindik ere ‘besteak’ gara, lizunak, moral gabekoak, zikinak, perbertituak, promiskuoak! Nola atrebitzen gara txortan egitera! Honek bigarren mailako herritarrak egiten omen gaitu. Gure desioa bizitzeagatik ez dugu elkartasuna merezi, ezta akabatzen gaituztenean ere. Argi esango dut, ez dakit erailketa hauek eraso homofoboak diren ala ez. Erantzun eza, bestalde, hori bai da homofobia. Benetan barneratuta dagoen homofobia”.
"Oraindik ere ‘besteak’ gara, lizunak, moral gabekoak, zikinak, perbertituak, promiskuoak! Gure desioa bizitzeagatik ez dugu elkartasuna merezi"
Kaleak okupatzera deitu dute
Egoeraren larritasuna azpimarratu du E28 Koordinadorak, eta “instituzioen isiltasun konplizea” kritikatu du. “Azken hilabeteetan pairatzen ari garen eraso LGTBfoboengatik, maiatzaren 17an, LGTBfobiaren aurkako egunean, mobilizatzearen beharra ikusten dugu, inoiz baino gehiago”.
Ildo berean “kaleak okupatzen jarraitzera” animatu du jendea LGTBI+ Euskal Behatokiak, “LGTBI+ pertsonen aurkako indarkeria horren kontrako protestekin eta mobilizazioekin” segitzera. Azken urteetako eraso eta gorroto-delituekin kezkatuta agertu da Behatokia, eta prebentzio-politika eraginkorrak eskatu dizkie instituzioei, baita LGTBI+ euskal lege integral bat ere.