Gukak “Bilbo erdalduntzen duen makina” ikusaraziko du kanpainaren bidez. 24 orduz martxan dagoen makina salatuko dute, eta berori “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak hartzea eskatuko dute. Euskararen aldeko mekanismoak aktibatzea aldarrikatuko dute.
Guka Bilboko euskalgintzako kideak eta eragileak biltzen dituen mugimendua da. Kanpaina aurkezteko, Bilbo industrialarekin parekotasun bat egin du mugimenduak, eta euskaraz bizitzea galarazten duen makina “erraldoia” irudikatu eta salatu du. 24 orduz erdaldunak sortzen dituen makinatzat deskribatu dute, “potentzia handikoa, gu baino askoz indartsuagoa”. Erdalduntzeko hainbat mekanismo aipatu dituzte. Aisialdiko eskaintza, adibidez, erabat erdalduna dela diote, gozatzeko gaztelania behar dela transmititzen dutela eta hizkuntza hori ezinbesteko bihurtzen dela. Euskara ikasteko zailtasunak ere azpimarratu dituzte. Haurren aisialdiari dagokionez, eskolaz kanpoko eskaintza gehiena gaztelaniaz dela salatu dute eta, helduei bezalatsu, umeei ere transmititzen zaiela ondo pasatzeko gaztelania behar dela. Kexu dira diru publikoz “olioztatutako” hedabide sistema erdaldun oso bat dagoelako, eta euskarazko hedabideak norberak bilatu behar dituelako. Mekanismo horiei guztiei errematea euskararen aurkako diskurtsoek ematen dietela gehitu dute.
Gukaren ustez, “punta-puntako teknologia darabil makinak, Bilbon euskaraz bizitzea galarazteko”.
Zer egin egoera horren aurrean?
Gukak makina ikusarazi nahi du, “ezikusiarena egiten dutelako askok”. Mugimenduaren iritziz, ezin da euskararen alde egin makina ez bada geldiarazten. Makina “elikatu eta olioztatzen dutenek” ardurak eta erantzukizunak hartzea eskatu dute, neurriak hartzea euskararen alde egiteko. Gehitu dute makina guztiek daukatela itzaltzeko botoia.
Euskaraz biziko den Bilbo aldarrikatu dute.
Nortzuek osatzen dute Guka?
Berria egunkariak jaso duenez, Gukako partaide dira eragile hauek: Bira espazioa, Berbaizu eta Zenbat Gara elkarteak, Bilboko auzoetako euskara taldeak, euskaltegiak, jaietako eragileak, haur eta gazteen aisialdi taldeak, mugimendu sozialetako aktibistak, Euskal Herri osoko euskalgintzako kideak eta tokiko proiektu komunikatiboetako hainbat kide.