argia.eus
INPRIMATU
Bilboko Gotzaindegiak Abandoko proiektu urbanistikoarekin aurrera jarraitzen du: ikuskariak hasi dira eraikinak aztertzen
  • Bilbo erdian Bizkeliza eta Mutualiaren egoitza bana egiteko proiektua ez du eten Bilboko Gotzaindegiak, auzotarren protestak protesta. Abando bizigarriago baten alde lanean diharduen herritar plataformak salatu duenez, ikuskariak aldameneko eraikinak aztertzen hasi dira "eraikin baten eraberritze obrak" direla-eta.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 04a
(Argazkia: @ampacervantes)

BAM irakaskuntza-ikasketetako unibertsitate-eskola eraistea eta zazpi eta hamabi solairutako eraikin bana egin nahi ditu Bilboko Gotzaindegiak Barrainkua kalean: Bizkeliza Etxea eta Mutualiaren ospitale bat.

Baina auzotarrak ez daude ados, ezta Cervantes Eskola Publikoko guraso eta irakasleak ere, euren esanetan hiriaren erdigunean hain faltan diren berdegune bat beharrezkoa da eremu horretan. Berrikitan elkarretaratzea egin dute aldarrikapen horrekin.

Halabaina, Abando bizigarriago baten aldeko auzotarren plataformak salatu duenez, Gotzaindegiak bere asmoekin aurrera jarraitzen du eta enpresa bat ikuskaketa lanak egiten ari da egunotan aldameneko etxebizitza, garaje eta lokaletan, Barrainkua kalean egingo diren "eraikin baten eraberritze obrak" direla-eta.

Proiektuak 30 milioi euroko kostua du eta Murias eraikuntza enpresarekin akordiora iritsi ziren Gotzaindegia eta Mutualia horretarako. Oraingo eraikina, antzinako Karmeliten eskola, ondare arkitektoniko garrantzitsua dela dio auzotarren plataformak, besteak beste 1936ko Gerrako bonbardaketei iraun zien.