argia.eus
INPRIMATU
Bilboko familia batek hamazazpi egun egin ditu gas eta argindarrik gabe, BBVAren higiezinen agentziak etxetik bota nahi dituelako
  • Bi ume eta haien ama etxetik kaleratzeko agindua emana du BBVAren higiezinen agentziak, alokairua ez ordaintzea egotzita, baina epaileak uztailera arte eten du kaleratze hori, familia egoera zaurgarrian dagoela argudiatuta. Horren aurrean, Gabon egunean familiari gasa eta argindarra mozteko agindua eman zion Iberdrolari higiezinen agentziak. Astearte honetan berreskuratu dute argindarra.

ARGIA @argia 2023ko urtarrilaren 11

“Gabon egunetik mantendu den gizagabeko eta legez kanpoko mozketa horrek sortu duen alarma sozial eta mediatikoari esker”, higiezinen agentziak Iberdrolarekin kontratu berriaren alta gestionatu duela argitu du Stop Kaleratzeak plataformak, hori bai, “berandu”.

Bilboko familia bizitzen ari zen egoeraren berri ematearekin batera, plataformak nabarmendu zuen ordainketak egunean zituela emakumeak, eta gogoratu zuen debekatuta dagoela familia zaurgarriei hornidura etetea.

Higiezinen agentziak emakumeari deitu diola ere azaldu zuen plataformak, etxebizitza utzi dezatela eskatuz.

Milaka familia, funts putreen esku

Hipoteka ordaindu ezin zuela-eta, Bilbon bizi den emakumearekin alokairu soziala adostu zuen BBVA bankuak 2017an. Urtebete geroago, bankuak Cerberus funts putreari saldu zion bere higiezinen agentziaren %80a. Stop Etxe Kaleratzeaken hitzetan, “familia kaltebera honen eta milaka gehiagoren babesgabetasuna salatzen ari gara, beren etxebizitzak eta hipoteka-mailegu berankorrak saldo-prezioan saldu baitizkiete bankuek nazioarteko funts putreei”.